Liztor habiak identifikatzeko eskuorriak banatuko dizkiete udaltzainei
Udalak Asiako liztorren zabalkundearekin bukatzeko neurriak hartuko ditu. Urgullen Eguzki talde ekologistak topatu duen habia, ordea, ez da lehenengoa. Dozena bat habi kendu dituzte jada eta berririk ager ez dadin, ezarrita dagoen protokoloa indartuko dute. Hasiera batean, inguruan beste habirik agertu den identifikatzeko, eskuorria prestatu dute eta udaltzainen artean banatuko dituzte. Habiren bat ikusten duten herritarrei ere horren berri emateko deie egin die Udal Gobernuak.
2004an Europan sartu zen liztorraren ezaugarriak sakonago ezagutzeko, zabalkundea kontrolatu eta erradikazioa lortzen lagunduko duen ikerketa jarri dute abian. Gipuzkoan, iaz ikusi zituzten Asiako intsektuok lehenengo aldiz Irunen. Hirian dozena bat izan dira topatutako habiak. Aurrenekoa maiatzean ikusi zuten Intxaurrondon. Altzan, Aieten, Martutenen eta Zubietan ere agertu dira.
Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, animaliok polinizazio naturalaren eta biodibertsitatearen kalterako dira, bertako liztorrak baino oldarkorragoak direlako. Kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen, erakunde arteko plana osatzea eskatu zuen talde ekologistak. Suhiltzaileak, udaltzainak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak eta udaleko Osasun sailak intsektuari aurre egiteko protokoloa indartzeko lanean ari dira behinik behin.