"Mantentzea baino gehiago lor dezakegu Ligan dugun esperientziarekin"
EHU Ibaetari denboraldian sartzea kostatzen ari zaiola dio entrenatzaileak, baina baikor dago
Liga hasi berri du EHU Ibaeta saskibaloi taldeak, Espainiako Bigarren Mailan. 2010-2011 denboraldian lan bikaina egin zuen taldeak, eta bere multzoko lehen taldea izan zenez, igoera fasea jokatzeko sailkatu zen. Igoera fasean, ordea, oso aurkari gogorrekin topatu zen, eta ez zuen partida bakar bat irabaztea lortu. Beraz, aurten maila berean lehiatzen ari da. Momentuz, aurtengo Ligako bi jardunaldi jokatu dituzte, eta zapore gazi-gozoa du Azu Muguruza entrenatzaileak. Izan ere, jokatutako bi partidetatik, Conquerori irabazi egin zion, eta Las Rozasen aurka galdu egin zuen.
Jokalariei dagokienean, orokorrean oinarri berarekin jarraitzen dute. Aldaketa postu batean egon da: Oumoul Khairy pibot senegaldarrak taldea utzi du eta Geisa Oliveira brasildarrak bete du bere hutsunea. «Daukagun atzerritar bakarraren postua da aldatu duguna. Bestetik, harrobiko bi jokalari igo ditugu; Edurne Segues eta Anabel Toral, 17 eta 19 urtekoak». Oliveirari dagokionean, Uni Canarias taldetik dator, 31 urte ditu eta Ligan hainbat urte daramatza. «Ez ditu ordezkatu duen jokalariaren ezaugarri berdinak, baina ezagutzen genuen eta bere lana ongi egingo duela uste dugu», dio entrenatzaileak. Jokalari gazteak, berriz, Anabel Toral eta Edurne Segues, pixkanaka sartuko dira taldean. «Taldearen dinamikaren barruan daude eta aste bakoitzean bietako bat etortzen da partidara. Minutuak lortzen joatea espero dut».
Hori guztia kontuan izanda, taldearen oinarria mantendu duen arren, Liga hasiera gogorra egiten ari zaiela onartu du Muguruzak. «Kostatzen ari zaigu ligan sartzea eta jokalari berriaren estiloa gure jokoan sartzea». Beraz, Ligara igo berria den Las Rozas taldearen aurka galtzea gogorra izan zela onartu du Muguruzak. «Edonoren aurka galtzea gogorra izaten da beti. Las Rozas igo berria izateak ez dauka eragin handirik, liga ongi ibiliko den taldea dela uste baitut. Liga honetan ibilitako jokalariek osatzen dute taldea». Las Rozasen kontua alde batera utzita, Muguruzak argi dauka zeintzuk izango diren puntan ibiliko diren taldeak. «Ziur nago Canoe ongi ibiliko dela, eta bere atzetik zortzi taldek osatutako multzoa ibiliko gara goian egoteko borrokan. Sailkapenaren erdikaldea oso berdindua egongo da».
Babeslerik gabe, oraindik ere
Maila mantentzea izaten da taldearen urteroko eskaria, baina hori baino askoz gehiago lor dezaketela erakutsi izan dute. «Pixkanaka ikusiko dugu gure tokia zein izan daitekeen, talde guztiak aldatzen baitira urtero. Hala ere, mantentzea baino gehiago lor dezakegu Ligan dugun esperientziarekin». Gainera, ez da batere erraza Muguruzaren taldea egiten ari den bidea. Izan ere, duela bi urte babesle nagusia galdu zutenetik, ez dute besterik lortu. «Zortzi jokalari ziur bakarrik ditugu, eta zaila da halako liga batean maila mantentzea laguntzarik gabe».
Estudiantes izango da EHU Ibaetaren hurrengo aurkaria, larunbatean, etxetik kanpo. «Ligako talde indartsuetako bat da. Beraz, partida gogorra aurreikusten dugu».