Surfin Kaosek Bukowskin egingo du biraren azken kontzertua
Donostiako hirukoteak atsedena hartu eta eszenatokiak utziko ditu aldi baterako; larunbatean agurtuko dituzte zaleak
Bederatzi urte egin ditu Surfin Kaosek entsegu lokalean, eszenatokietan eta grabazio estudioetan. «Etengabe aritu gara lanean. Abestiak konposatu, grabatu, diskoa kaleratu, kontzertuak egin… Oraingoan, bira honen ondoren atseden hartuko dugu», adierazi du Koldo Soret abeslariak. «Taldea ez da desegingo. Entseatzen jarraituko dugu, baina oraingoz lasai egon nahi dugu. Ikusiko dugu zein bide hartzen dugun», gaineratu du.
Hondarribian, Olearso jaialdian ekin zioten Goizalde Surrealistak diskoaren aurkezpen birari. Harrez gero berrogei kontzertu inguru eskaini dituzte. Euskal Herrian egin dituzte zuzeneko gehienak, baina Madrilen eta Logroñon ere izan dira, besteak beste. Azken zuzenekoa urriaren 1ean egin zuten Donibane Lohizunen: «Oso pozik gaude azken urte eta erdian bizi dugunarekin».
Donostian egingo dute biraren azken emanaldia, Le Bukowskin: “Bertan grabatu genuen-eta diskoa, eta azken finean, beti sentitu dugu gure etxea dela. Grabaketa estudio bihurtu genuen iazko udan”.
Larunbatean taldearen bideo klip berria ikusteko aukera izango dute zaleek; ‘R&R Girl’ kantaren bideoa. Zaragozan, Ejea de los Caballeros-en grabatu dute: «Guztira 25 pertsona joan ginen bertara. Ekoizpena, jantziak, makillajea… Film labur bat egiteko moduko lan taldea bildu ginen bertan», azaldu du Soretek. Puntako profesionalak izan dituzte lagun ikus-entzunezko berrian. Laszlo errealizatzailea ibili da zuzendari lanetan; Javi Agirre argazki zuzendari gisa; eta Aritz Moreno kameralari gisa. Basamortu itxurako paisaia batean grabatu dute: «Basamortua, auto bat… Istorio bitxi bat sortu dugu. Tarantinoren filmeen kutsua du; eta Surfin Kaosen ohiko psikodelia ikutua ere bai».
Gazteszenan 20:00etan hasiko da Surfin Kaosen festa. Bideo klip berria proiektatuko dute. Ondoren pintxo eta edari batzuk eskainiko dizkiete zaleei. Eta 21:00etan igoko dira eszenatokira. Kontzertua bukatzen denean, eta gaua luzatzeko, Javier Sun hasiko da DJ lanetan. Sarrerak 5 eurotan izango dira salgai. ‘Tryphyllon’ diskoaren biraren amaieran ere festa egin zuen hirukoteak. Orduan Xabier Silveira bertsolaria gonbidatu zuten: «Oraingo honetan beharbada beste sorpresaren bat prestatuko dugu…», esan du Soretek.
2002. urtean elkartu ziren Koldo Soret (ahotsa eta gitarra), Ibon Etxebeste (bateria) eta David Gil (baxua). 60 ko eta 70eko rocka eta punka jotzeko elkartu ziren. Taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten hurrengo urtean. Bigarren diskoa, ‘Bizzionbizzi’ 2005ean heldu zen. Hiriko autobus turistikora igo eta Londresen bailiran aurkeztu zuten lan hura zale eta lagunekin. ‘Tryphyllon’ (2007) diskoan, berriz, euskal rockak ere Hollywoodeko izarren glamourra izan dezakeela erakutsi zuen hirukoteak. Luxuzko limusina dotorean ibili ziren egun batez, eta haien zaleek alfonbra gorrian egin zieten harrera Egian, Le Bukowskin. Iaz, ‘Goizalde Surrealistak’ diskoaren argitalpenak krisi betean harrapatu zituen. Halere, Surfin Kaosek ohiko aurkezpen ausartei eutsi zien. Renault 7 zahar eta gorri baten leopardozko eserlekuetan eserita heldu ziren. Hurrengo larunbatean rocka, psikodelia, surfa, hard rock eta soul koktela eskainiko dute.
Kontzertua: Surfin Kaos
- Non. Le Bukowskin.
- Noiz. Larunbatean, urriaren 15ean, 20:00etan.
- Zer. Bideo klip berriaren aurkezpena, pintxoak eta edariak, Surfin Kaosen zuzenekoa eta DJ Javier Sun-en saioa.
- Sarrera. 5 euro.