Udal ekonomia horren egoera okerrean ez dagoela ziurtatu du Ernesto Gascok
Fitch rating agentziak udal ekonomiaren inguruan egindako azterketaren berri eman du PSE-EEko bozeramaileak, Ernesto Gascok, eta egoera ez dela Bilduk dioen bezain okerra zehaztu du.
Espainiako gainontzeko udaletxeekin alderatuz, kaudimendu eta epe luzeko zorrari dagokionez, batez bestekoaren gainetik dagoela jakinarazi dute. Honenbestez, zuen kalifikazio altuari eutsi diola aditzera eman du Gascok, beste zazpi udaletxe eta autonomi erkidegoren balorazioak okerrera egin duen bitartean.
Bozeramaile sozialistak, hortaz, aurreko Udal Gobernuak egindako lana goraipatu nahi izan du. Aurreko Ogasun zinegotziak, Susana Garcia Chuecak, Aldundiari itzuli beharrekoak kontuan hartuz, 2010. urtean 8,2 milioi euroko superabita lortu zuela gogoratu du.
Egun hiria kudeatzen duen udal taldeari, era berean, egoera ekonomiko egonkorrak mahai gainean dauden proiektuak aurrera ateratzera bultzatu behar duela adierazi dio Ernesto Gascok.
Fitch rating agentziaren txostena ez ezik, udaletxeko finantza zuzendaritzak egindako azterketa ere baikorra dela dio Gascok. Aurtengo gastu eta diru sarreren aurreikuspenak aintzat hartuz, Udalak aurrezteko aukera izango duela azaldu du Gascok. Denera, 4,1 milioi euro aurreztuko omen dira.