Goiz atzematea, osatzeko gakoa
Bularreko Minbiziaren Nazioarteko eguna da etzi. Diagnosi goiztiarra helburu duen programari esker atzemandako gaitz honen tumore kopurua orain 20 urtekoaren bikoitza da.
Bularreko minbizia da emakumeek pairatzen duten tumore kaltegarri ohikoena. Etzi, gaitz honen nazioarteko eguna ospatzen da, eta Katxalin elkarteak, urtero bezala, honi buruzko kanpaina abian jarri du. Hori aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten, atzo, Foru Aldundiaren egoitzan. Beste behin, diagnosi goiztiarraren garrantzia nabarmendu zuten Katxalineko presidente Txaro Beobidek eta Onkologikoko mediku Maria Jesus Mitxelenak. Hauei babesa eman zieten Foru Aldundiko Ezinduen Laguntzarako zuzendari Txelo Perezek eta Osasun sailburu Rafael Bengoak.
Azken 25 urteetan gaitza progresiboki hazi egin da, baina 1997tik aurrera daramaten screening programari esker, minbizi kasu asko aurrez diagnostikatu eta sendatu daitezke. Mitxelenak gogora ekarri zituen datuak: “1986tik 2006ra gaitza bikoiztu egin zen, 687tik 1.226ra pasatuz; bereziki, bigarren hamarkadan detektatu, diagnostiko goiztiarraren programari esker”. Hilkortasuna jaitsi egin da epe berean eta biziraupena areagotu. “Lehen fasean atzemandako kasuetan biziraupena bost urtetara ia %100koa da. Hori da programaren eta osasun publikoko ekintzen helburua”, zehaztu zuen Mitxelenak. Horregatik, gaitza ezinbestea heriotzarekin ez lotzeko eskatu zuen, “bularreko minbiziaren kasuan ez baita hala”.
Katxalinen presidenteak, aldiz, programaren garrantzia nabarmendu eta honen mantentzea eskatu zuen. Bengoa sailburuak aurrera jarraituko duela baieztatzeaz gain, hilaren 10etik, aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte arteko emakumeei zabaldu zaiela argitu zuen.
Asteazkeneko ekimenak
Ohikoa den bezala, dirua biltzeko eta informazioa banatzeko mahaiak jarriko dituzte hiriko hainbat tokitan. Horrez gain, gaitz honetan adituak diren zenbait medikuk mahaingurua egingo dute etzi Onkologikoan, 17:00etan. Ostegunean, berriz, giza xingola osatuko dute udaletxeko terrazan, 12:00etan.
Txaro Beobide – Katxalin elkarteko presidentea


