Euskaldunen topalekua
Bagera Elkarteak Asteazken Kulturalak egitasmoari ekingo dio gaur. Euskal Herrian Euskarazeko Xabat Laborde izango da lehen saioko hizlaria.
Sendabelarrak, memoria historikoa, feminismoa, herritarren parte hartzea, elikadura… horiek eta beste asko aztergai izan dira urteotan Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako Asteazken Kulturaletan. Beraien ezagutza nahiz testigantza eraman duten hizlariek hamaika gairen inguruan entzun, ikasi eta eztabaidatzeko aukera eman diete Koldo Mitxelena Kulturunera bertaratutakoei. Ikasturte berriari gaur emango diote hasiera, ekimenaren oinarri nagusienetako bati helduz: euskara. Izan ere, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) egindako Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentala ikusi eta EHEko kide Xabat Laborde entzuteko parada izango baita, 19:30ean hasita.
EHEk 30 urte bete zituen 2009an eta lan horretan sortze garaitik gaurdainoko hainbat kideren bizipenak eta gogoetak jaso zituzten, bide horretan bultza egin duten zenbait euskaltzaleren lekukotzarekin batera. Euskaraz bizitzeko konpromisoa hartua duten kazetariak, ekintzaileak, irakasleak, antzezleak, alkateak… Hauen bidez, iragana gogoan hartuz etorkizuneko erronkak finkatu zituzten.
Hizlariak eta gaiak, giltzarri
Bagera elkartea sortzearekin batera ekin zioten Asteazken Kulturalak prestatzeari. 1992an egin zuten lehen hitzaldi sorta, eta lau urtez aurrera egin zuten ekimenarekin. Orduan, 6 urtez luzatu zen etena gertatu zen. 2002an jarduera berreskuratu egin zuten eta ordutik aurrera, urtero gauzatu dute.
Urria eta ekaina artean, hilabetero hiriko euskarazko kultur eskaintza zabaltzen lagunduko duen hitzaldia egiten dute. “Gai anitzen inguruan euskarazko kultur eskaintza prestatzea eta euskaldunentzako topalekua izatea helburu du”, laburbildu du ekimenaren arduradun Zuriñe G. Agirrek. Bi xede hauei sorreratik eutsi diote, eta orain arteko ibilbideari “oso ona” deritzo Agirrek. “Nahiko finkatuta dago, eta bertaratzen den jende kopurua ere ona da. Are gehiago kontuan izanda, hitzaldietan parte hartzea lortzea zaila izaten dela”. Gorabeherak badira ere, nolabaiteko arrakasta horren gakoa gaiak eta hizlariak aukeratzerakoan asmatzea da. Horretarako, Bagerakideen proposamenak jasotzen dituzte urte bukaeran, eta ondoren, lauzpabost laguneko taldetxo batek erabakitzen du zeintzuk jorratuko diren. Hala ere, unean interes berezia pizten duen gairen bat bada, edo interesgarria zaien baten bat heltzen bazaie, barneratu egiten dute.