Zergak KPIa baino gehiago igotzea "arduragabekeria" da Goiarentzat
Hurrengo asteko osoko bilkurari begira, oposizioko alderdiek beren etxekolanak egin dituzte. Udal Gobernuak hurrengo urterako egin duen udal zerga eta tasen proposamena zorrotz aztertu dute eta hura aldatzeko emendakinak aurkeztu dituzte.
EAJko bozeramaileari, Eneko Goiari, udal tasa eta zergak Kontsumo Prezioen Indizeak –%3– ezarritakoa baino gehiago igotzea «neurriz kanpokoa» eta «arduragabekeria» dela deritzo.
Goiak eta PPko Jose Luis Arrue zinegotziak, gainera, herritarren erosteko ahalmenak %4 egin duela behera azpimarratu dute. Datua kezkatzekoa bada, Udalak ezin duela herritarren egoera are gehiago okertu salatu dute bi udal ordezkariek.
EAJk, hortaz, Higiezinen gaineko zerga %1,42 igotzea proposatu du. Aldundiak katastro indizea (%1,55) handitzeko asmoa duenez, igoera, denera, %3ra iritsiko litzatekeela azaldu dute. Zerga horren inguruan, PSEk eta Bilduk esku artean duten akordioa «ulergaitza» dela dio Goiak.
EAJk, bestalde, bestelako beherapenak ezarri nahi ditu hainbat zergetan. Hirigintza obrekin loturikoan, esaterako, lanpostu berriak eratzen dituzten enpresei ala konponketak egin nahi dituzten denda txikiei %2,5eko indizea ezarri nahi die EAJk.
Oho har, zerga eta tasak bere horretan uzteko erabakirik ez dutela hartu gaineratu du EAJko bozeramaileak, Udalaren egoera nolakoa den badakitelako.
Zabor tasan, hondakin gehien sortzen dituzten denda eta enpresei tasa %3 igotzea eskatu du EAJk. PPko zinegotziek, berriz, tasa «bidezkoagoa» ahalbidetzeko xedez aurreko Udal Gobernuak egindako azterketa berreskuratzea exijitu du.
Jose Luis Arruek adierazi duenez, ez daude Higiezinen zerga garestitzearen alde eta familia ugarientzat beherapenak nahi dituzte. TAOari dagokion tasan ere aldaketak egin nahi dituzte. Hala nola, etxe ondoan autoa utzi ahal izateko txartela %10 merkeagoa izan beharko lukeela uste dute. Autobus txartelari dagokionez, bonobusaren prezioa bere horretan uztea aldarrikatu du PPko zinegotziek. Txartel arrunta hamar zentimo igo beharrean, bost igotzearekin aski dela diote sozialistek, bestalde. Gizarte bonobusa, hilerokoa eta gazteena bere horretan utziko lituzkete.
Jarduera Ekonomikoen zerga
PSEko bozeramaileak, Ernesto Gascok, azkenik, beste zerga batzuetan beherapenak eranstea herritar askorentzat lagungarri izan daitekeela zehaztu du. Besteak beste, enplegua sortu edota mantentzeko ahaleginean diren enpresak Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga txikiagoarekin saritu nahi ditu PSE-EEk.