Altzan barrutia eratzearen aldekoa da EAJ
Zer nolako eskumenak izango lituzkeen finkatzeko lan taldea eratzea proposatu du Eneko Goiak
Hiri Handien Legea 2003. urtetik dago indarrean eta Donostiari zuzenean eragiten dio. Legeak diona bete dadin, aspalditik darama PPko udal taldeak hiria barrutietan banatzeko eskatzen; aurreko Udal Gobernuek, baina, ez diote jaramon handirik egin.
EAJk, bada, Udal Gobernuen modernizaziorako sortu zen legeari heldu dio berriz. Jeltzaleek, baina, ez dute hiri osoa barrutietan banatzeko premia ikusten, oraingoz. Altzan ezartzearekin nahikoa dela uste dute, besteak beste, «beren burua administrazioarekiko urrun ikusten» dutelako arrazoitu du EAJko Martin Ibabe zinegotziak. Altza ez den beste auzoren batean barrutia finkatzea, gainera, ez du uste Ibabek egun premiazkoa litzatekeenik.
Barrutiak, hain justu, herritarren eta Udalaren arteko harremana estutzen lagunduko lukeela azaldu du zinegotziak. Era berean, erabakiak azkarrago eta izapideak arinago gauzatzen lagunduko lukeela jakinarazi du zinegotziak.
Izan ere, barrutiko ardurak bere gain hartzeko, alkate edo zinegotzi bat hautatu beharko litzateke. Era berean, Altzan eta altzatarrek kudeatu ahal izango luketen aurrekontua bideratu beharko luke Udalak. Era horretan, konponketak non egin edo bestelako erabakiren bat hartzeko eskumena izango luke Altzak.
Hain justu, barruti horien ahalmena noraino iritsi behar duen erabakitzeko, lan taldea osatzea proposatu du EAJk.
Bikoiztasunak ekidin
Subsidiaritate printzipioa aplikatuz, gertukoenari ahalik eta ahalmenik handiena ematean datza barrutiak. Beste entitate bat sortuz gero, baina, bikoiztasunak sortzeko arriskua egon daiteke. Horiek ekiditeko, erabakiak «ondo hartzea» beharrezkoa dela aditzera eman du Eneko Goia bozermaileak.
Bikoiztasunak, gainera, askotan erakundeen arteko «mesfidantzen» ondorio direla azaldu du; horregatik, «gauzak ondo eginez gero» halakorik ez duela zertan gertatu erantsi du Eneko Goiak.