Euskaraz, ikara batean
Beldurrezko Astean hamabi film luze eta film laburren lehiaketako lan guztiak ikusi ahal izango dira euskaraz
Hurrengo astean, urriaren 29an, hasiko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen XXII. ekitaldia. Zaleek osteguna arte itxaron beharko dute egitarau osoaren berri izateko, baina aurrerapen gisa, Viktoria Eugenia Antzokian euskaraz eskainiko dituzten filmak iragarri dituzte jada. Hamabi film luze eta Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako lan guztiak izango dira euskaraz azpititulatuta.
‘Zatoz eta begira’ atzera begirako zikloko zortzi filmetatik sei euskaraz azpititulatuta ikusi ahal izango dira. Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren historian zehar hautsak harrotu dituzten zenbait film bildu dituzte bertan: «Bere garaian sektore batzuek ezusteko gaiak eta jasanezinak lantzeagatik kaltegarritzat jo zituzten. Gure zikloak eta argitaratuko dugun liburuak honi buruz egin nahi du gogoeta», adierazi du prentsa aurrean Josemi Beltranek, jaialdiaren zuzendariak. «Fantasiazko zinema hurbildu da bereziki eremu arriskutsu horietara. Garai bakoitzeko tabuak, muturreko indarkeria… Ba al da mugarik kultur sorkuntzan? Eztabaida hori mahai gaineratuko dugu», jarraitu du Beltranek.
Ziklo honetako lan gehienek ez dute aurkezpen berezirik behar: ‘Bakarrik denen kontra’ (Seul contre tous, 1998), ‘Laranja mekanikoa’ (A Clockwork Orange, 1971), ‘Gizajaleen holokaustoa’ (Cannibal Holocaust, 1980), ‘Begiluze lizuna’ (Peeping Tom, 1960), ‘Deabrutzea’ (Possession, 1981) eta ‘Thriller. Film anker bat’ (Thriller. A Cruel Picture, 1974). «Zinema bilduma garrantzitsua dela uste dugu. Aukera ematen dugu film klasiko hauek pantaila handian gozatzeko; eta lan hauek ezagutzen ez dituzten ikusleek lehen aldiz ikus ditzaten».
Jaialdiko sail ofizialeko hainbat film luze ere proiektatuko dituzte euskaraz azpititulatuta. Beraz, Antzoki Zaharrean emango dituzten lan berriak ikusteko bigarren aukera izango du publikoak Viktoria Eugenia Antzokian. Edo lehenengoa. Horietako bat, ‘Arlotea eskopetarekin’ (Hobo with a shotgun, 2011) lehenago ikusi ahal izango dute-eta Viktoria Eugeniako ikusleek. ‘Troll ehiztaria’ (Troll Hunter, 2010), ‘Hesolen lurraldea’ (Stake Land, 2010), ‘Santua’ (Sint, 2010) eta ‘Wake Wood’ (2010) lanek osatuko dute film berrien zerrenda.
Ohi bezala, haurrentzako emanaldi batekin hasiko da euskarazko programazioa: ‘Ordezko andereñoa’ (Vikaren, 2007). Gurasoak erabat engainatuta dituen maistra da pertsonaia nagusia; irakaslerik onena dela uste dute. Ikasgelako ateak ixten direnean, aldiz, itxurak egiteari utzi, eta gaizto baino gaiztoago bihurtzen da. Edurnezuriren ipuineko sorgina baino gaiztoagoa da. Gainera, haurren pentsamenduak irakur ditzake. Eta are okerrago, ez dirudi gizaki bat denik. Zergatik eraman nahi ditu haurrak Frantziako eskola-lehiaketa batera?
Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako lan guztiak ere euskaraz azpititulatuta proiektatuko dituzte emanaldi bakar batean, azaroaren 4an. 165 minutuko iraupeneko proiekzioan hamabost egileren film laburrak ikusi ahal izango dira.
Viktoria Eugenia Antzokian euskarazko emanaldiak ikusteko abonuak urriaren 24an jarriko dituzte salgai, 16:00etan. 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Sarrera solteak, berriz, 6 eurotan izango dira salgai. Film guztiak euskaraz azpititulatuta eta jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, haurrentzako ‘Ordezko andereñoa’ lana izan ezik. Udalaren Euskara Zerbitzuak gonbidapenak banatuko dituela plazaratu dute. Euskarazko programazioaren eskuorriak berak gonbidapen bat darama.
Beldurrezko astea.
Urriak 29, larunbata.Haurrentzako zinema: ‘Ordezko andereñoa’ (Vikaren, 2007). 12:00. Euskaraz bikoiztua / ‘Bakarrik denen kontra’ (Seul contre tous, 1998). 19:45. Eusk. azpit. / ‘Laranja mekanikoa’ (A Clockwork Orange, 1971). 22:30. Eusk. azpit.
Urriak 30, igandea. ‘Gizajaleen holokaustoa’ (Cannibal Holocaust, 1980).17:00. Eusk. azpit. / ‘Arlotea eskopetarekin’ (Hobo With a Shotgun, 2011). 19:45. Eusk. azpit.
Urriak 31, astelehena. ‘Begiluze lizuna’ (Peeping Tom, 1960). 17:00. Eusk. azpit. / ‘Troll ehiztaria’ (Troll hunter, 2010). 19:45. Eusk. azpit.
Azaroak 1, asteartea.‘Deabrutzea’ (Possession, 1981). 17:00. Eusk. azpit. / ‘Hesolen lurraldea’ (Stake Land, 2010). 19:45. Eusk. azpit.
Azaroak 2, asteazkena.‘Santua’ (Sint, 2010). 19:45. Eusk. azpit.
Azaroak 3, osteguna.‘Wake Wood’ (David Keating, 2010). 19:45. Eusk. azpit.
Azaroak 4, ostirala. Film Laburren lehiaketa. 19:45. Eusk. azpit. / ‘Thriller. Film anker bat'(Thriller. A Cruel Picture / Thriller. En grym film, 1974). 00:00. Eusk. azpit.