Uliakoa da lehenengoa
Uliako I. Txakurkrosa
Donostian jokatuko den aurreneko txakurkrosa antolatu du Ojo Kirol Taldeak, azaroaren 6rako; Gipuzkoako Ligako lehen lehia izango da eta ondoren beste lau jokatuko dituzte.
Txakurkrosa gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirola da. Donostian ere bat baino gehiago dira kirol hori gogoko dutenak, eta taldea osatu zuten duela hiru urte, txakurrekin korrika egitera joateko, batera eta bestera. Horrela sortu zuten Ojo Kirol Taldea, momentuz hamabi lagunek osatzen dutena. Hiru urte horietan hainbat lasterketetan parte hartu dute bertako kideek, eta oraingoan, beraien lasterketa antolatzea erabaki dute: Uliako I. Txakurkrosa.
Ojo Kirol Taldeko Aritz Figalek Irutxuloko Hitzari azaldutakoaren arabera, Agustin Gorostidi izan zen taldearen bultzatzaile nagusia. «Agustin izan zen Xabi eta ni txakurkrosera hurbildu gintuena. Susperregitik barrena Tas-Tas txakurrarekin ibiltzen zen, eta berarekin joaten hasi ginen. Txorakeri gisa hasi ginen, eta hor jarraitzen dugu», dio Figalek. Egun, taldekideak askotan geratzen dira Ulian txakurrekin korrika egiteko, eta horregatik erabaki dute Donostiako txakurkrosaren eszenatokia Ulia bera izatea. «Guk normalean egiten dugun ibilbidea lasterketarena da. Beraz, hori guretzat abantaila izan daiteke. Donostian halako proba bat egiteko lekurik egokiena da». Azken batean, mendian barrena zirkuitu erraz bat osatzea izan da antolatzaileen helburua. Hala, hiru kilometroko zirkuitua osatu dute, eta zirkuitu horri bi itzuli ematea izango da partaideen eginbeharra. Edonola ere, zirkuitua urdin kolorez markatuko dute, eta aparkalekuan hasi eta bukatuko da. Tartean, Basollua eta Kutraia igaroko dituzte partaideek.
Eguna aukeratzeko orduan gora-beherak izan dituztela onartu du Figalek; eta azkenean azaroaren 6arekin geratu dira. «Zaila zen Donostian beste lasterketarik ez dagoen dataren bat aurkitzea. Txakurkros denboraldia urria eta martxoa bitartean jokatzen dugu, baina asteburu horretan ez zegoen beste lehiarik». Hala ere, udazkenean lurraren ezaugarriak aproposak izatea eta eguraldi egokia izatea espero dute. Partaideei dagokienez, gutxienez 45 lagun espero dituzte, horiek baitira lehia gehienetan aritzen direnak. Baina hortik aurrera, beste partaideren bat ere espero dute.
Edonork izango du Uliako Txakurkrosean parte hartzeko aukera, federatua izateko beharrik gabe. Txakurrak ere edozein arraza edo tamainakoak izan daitezke. Hori bai, gutxienez 12 hilabete izan beharko ditu, txerto guztiak egunean, eta fisikoki lasterketari aurre egiteko moduan egon beharko du. Bestetik,korrikalari gerrikoa, tiro-linea eta txakurrarentzako arnes egokia eraman beharko dituzte partaideek. Figalek Donostiako Udalaren laguntza azpimarratu nahi izan du. Ezinbestekoa izan baita lasterketa behar bezala antolatu ahal izateko.
Beste lau datoz ondoren
Uliako lehia antolatzeko, inguruko txakurkros taldeen laguntza izan du Ojo Kirol Taldeak. Hala, harreman horretatik Gipuzkoako Liga sortu dute. Uliako lasterketa Ligako lehenengoa izango da, eta hortik aurrera beste lau antolatu dituzte guztien artean: Pasaia-Jaizkibel (urtarrilak 8), Zumaia (urtarrilak 22), Tolosa (otsailak 26) eta Errenteria-Orereta (martxoak 11). Errenteriako txakurkrosa aurreko urteetan ere antolatu izan dute, eta Gipuzkoako Ligarako puntuagarria izateaz gain, Espainiako Ligarako eta Koparako ere puntuagarria izango da. Beraz, kirol hau denborapasa moduan egiten duenak, badauka lehiatzea zer den jakiteko aukera.
- Noiz. Azaroaren 6an.
- Ordutegia. Albaitaritza kontrola, 09:00etatik 10:20ra izango da. 10:25ean bilera egingo dute antolatzaileek partaideekin. Lasterketa 11:00etan hasiko da eta 13:00etan sariak banatuko dituzte.
- Ibilbidea. 3 kilometroko zirkuituari bi itzuli.
- Antolatzailea. Ojo kirol taldea.
- Izen ematea. Aldez aurretik, 15 eurokoa izango da; eta herrikrossa.com webgunean egin daiteke. Lekua geratzen bada, egunean bertan 20 eurokoa izango izen ematearen prezioa.
- Ostatua . Lasterketaren aurreko egunean, gaua Donostian igaro nahi duenak ibilbidean bertan dagoen ostatuan lo egin dezake. Prezioa 25 eurokoa izango da. Gainera, lasterketaren egunean, bertan bazkaltzeko aukera ere egongo da; 15 eurorengatik. Harremanetarako: 656 732 228 (Jon).