Artzain txakur erakustaldia egingo dute Auditz Akularren alde
Lau artzainek parte hartuko dute erakustaldian, eta sariak Juan Karlos Izagirre alkateak banatuko ditu
Altza XXI Herri Ekimenak artzain txakur erakustaldia antolatu du, igande eguerdian, Auditz Akularren. 2007an burutu zuten lehen aldiz ekimena, eta urtero egiteko asmoarekin sortu bazen ere, gorabeherak gorabehera, lau urte itxaron behar izan dute zakurrek ardiak nola gobernatzen dituzten berriro ikusteko. Artalde txiki batekin artzain txakurrak lanean ikusi ondoren, ziurrenera, antzarrak ikusteko aukera ere izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, artzain txakurrak nekazal kulturan errotuta daude, eta Donostian gutxitan ikus daiteke halakorik zuzenean. Horregatik, Auditz Akularren egitea erabaki zuten, bertan oraindik lehen sektorea iraunarazten duten sei edo zazpi baserri daudelako.
Aisi helburuez gain, erakustaldi honek beste xede batzuk ere baditu. Altza XXI herri ekimeneko kide Agustin Rodiguezen hitzetan, “urtean zehar Altzak duen bizitza urriari, kaleko ekimen bat gehitu nahi genion”, baina nagusiki, beste behin, gune natural honek izan dezakeen aisialdi balioa aldarrikatzea. Izan ere, Auditz Akularren egiten dutela baliatuz, 2008an aurkeztutako alternatiba aurrera eramatea eskatuko baitute. “Altzatarrentzat etxeak eraikitzeko proiektutik haratago Auditz Akularrek balioa du, aisialdi eta osasun parkea izatea”. Egun gelditurik dagoen proiektuak Odon Elorza buru zuen aurreko Udalarekin gatazka piztu bazuen, egungoarekin harremana ona dela islatzen du sariak Juan Karlos Izagirre alkateak banatuko dituela.


