Espetxea eta gizarte bazterkeria mintzagai
Jardunaldiak ostegun honetan eta hurrengoan egingo dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean, 18:30ean.
Arrats Elkarteak kartzelan dauden eta izan diren pertsonei baliabide sozial eta juridikoak eskaintzen dizkie. Gizarteak eragiten dien bazterkeriaz ohartarazi eta joera hori aldatzeko helburuz, bederatzi urte daramatzate Kartzela eta Gizarte Bazterkeria jardunaldiak antolatzen. Aurten landuko dituzten gaiak genero indarkeria eta etxebizitzaren arazoa izango dira. Izan ere, Arratseko Joxe Mari Larrañagak azaldu duenez, beraien eguneroko lanean atzematen dituzten gaiak jorratzen dituzte.
Lehen saioa bihar egingo dute Koldo Mitxelena Kulturunean, 18:30ean. Bertan izango dira, Plazandreok-eko Juana Aranguren abokatua eta Gakoa programako Teresa Peña eta Jorge Feudenthal terapeutak. Legeak genero indarkeriaren aurrean ematen duen erantzuna hizpide izango dute. Larrañagaren hitzetan, orain urte batzuk genero indarkeria dela-eta kartzelan ia inor ez bazegoen, egun, preso dauden lagunen kopuruak nabarmen hazi da, eta %10 baino gehiago da. “Epaitegi eta epaitegietan zer gertatzen ari den ikusi nahi dugu, legeak bere gauza onak eta txarrak ditu eta horri buruz hitz egin nahi dugu jendearekin”.
Herritar askorentzat etxebizitza arazo larria bada, are gehiago kale gorrian dagoen jendearentzat. Egoeraren eta irtenbideen inguruko hausnarketa bigarren saioan egingo dute. Bilboko Goiztiri taldeak kaleko jendearentzat alokairua lortzeko duen egitasmo berezia aurkeztuko du. StopDeshaucios eta Kepasakonlakasako kideek, berriz, etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa egingo dute.


