Jose Maria Zabalzaren lehen filma berreskuratu dute
Zinemagile irundarraren ‘Tambien hay cielo sobre el mar’filma proiektatuko dute Antzoki Zaharrean; bertan, Txantxillo agertzen da
Duela 56 urte Donostian, Petit Casinon estreinatu zuten Jose Maria Zabalza irundarraren Tambien hay cielo sobre el mar (1956) filma. Gaur, 55 urteren ondoren, aldameneko zineman, Antzoki Zaharrean emango dute berriz ere euskal zinemagilearen lehen lana. Euskadiko Filmategiak 1997an zaharberritu zuen Espainiako Filmategiak utzitako kopia bat. Gurutz Albisu zinezaleak haren biografia eta obrari buruzko liburua idatzi du, Jose Maria Zabalza. Cine, bohemia y supervivencia.
Euskal zinemari buruzko liburu batean Jose Maria Zabalzaren aipamenik ez zuen aurkitu Albisuk: «Beharbada ez da garrantzitsuena izango, baina film luze zerrenda utzi zuen, hogeita bat guztira. Spaghetti western, gangster zinema zein beldurrezko lanak egin zituen. Zinemagile ezezaguna da publikoarentzat, eta bere obraren hainbat kopia desagertzeko zorian daude».
Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean haren altxor bat berreskuratu, eta haren lehen lana proiektatzea lortu du Albisuk. Hondarribia eta Pasaia artean errodatu zuen. Egin ez duen delitu batengatik heriotz zigorrera kondenatu duten emakumea da protagonista. Hain zuzen, Txantxillok paper txiki bat jokatzen du filmean. Delituaren lekuko bakarra da.
Gaurko emanaldian Gurutz Albisuk eta Begoña del Teso zinema kritikariak parte hartuko dute.



