Argia, gai nagusia; paisaia, aitzakia
Urriaren 31 arte ikusgai daude Jose Maria Sasietaren argazki ‘inpresionistak’, Urdaneta kaleko postetxean.
Urdaneta kaleko postetxera joan gutun bat bidaltzera, edo bestelako edozein izapide egitera, eta Jose Maria Sasietaren arteaz gozatzeko aukera izango du bisitariak. Kartel iragarleak esaten duenaren kontra, ikusgai dagoena ez dira margolanak, argazkiak baizik. Hala ere, Sasietaren lan hauetan argiaren erabilerak margolari inpresionisten lanak ekartzen ditu gogora.
Sasietak azaltzen duenez, lan bilduma honetan «gai nagusia argia da; paisaia aitzakia da». Kuttunak dituen Pizarro, Sisley edo Monet aipatzen ditu argazki kamerarekin egindako margolanak azaltzeko garaian.
Urteak daramatza Sasietak artearen alorrean: eskultura, marrazkiak, argazkiak… buruan beti zerbait duela. Boladatan jorratzen ditu gaiak eta teknikak, eta lehenagotik argazkigintzan jarduna bazen ere, duela urte gutxi ekin zion arte horretako alor digitalari.
Bere lanak, Urdaneta kaleko postetxean ez ezik, formatu digitalean ere ikus daitezke horretarako http://sasieta.blogspot.com eta http://jmsasieta.blogspot.com helbideetan erakusketa birtuala atondu duela.
Postetxeko margo-argazki lan hauek guztiak Donostian aterata daude. «Ulian gehienak eta, beste batzuk, Gladys Enean», azaldu du Sasietak.
Argazki bakoitzak denbora dezente behar izan duela ere adierazi du. «Ezin da horrelako zerbait edozein momentutan egin, argi berezia behar da, oso indartsua; eta eszena tonuetan aberatsa behar da».
Irudiekin bonbardatuta gaudela uste du artistak; baina, poztu egiten da, bere lanak postetxeko ilarako denbora arintzeko norbaiti baliogarri izan bazaizkio.




