Astebeteko atsedenaldia izango du Superligako Realak
Txuri-urdinen hurrengo aurkaria Sant Gabriel izango da, urriaren 30ean
Superligan jokatutako zazpi partidetatik lau irabazi ditu Realak. Azken garaipena aurreko asteburuan lortu zuen Zubietan, Collerenseren aurka. Galtzen hasi ziren txuri-urdinak, baina markagailuari itzulia emateko gai izan ziren eta 2-1ekoarekin irabazi zioten Mallorcako taldeari. Gainera, tentsioa ia azken momentura arte mantendu zuten, garaipenaren gola 85. minutuan lortu baitzuen Larraitz Lucasek.
Beraz, orain arte egindako lan onari esker, Jose Manuel Etxabek zuzentzen duen taldea sailkapenaren goiko postuetan mantentzen da. Hala, Superligako 18 taldeetatik seigarrena da, 13 punturekin. Bartzelona da liderra, 21 punturekin.
Asteburu honetan atseden egingo du Realak, ez baitu partidarik. Datorren astean Sant Gabrielen aurka jokatuko du, etxetik kanpo.


