Alkateak Udalbatza entzun gabe jarraitzen duela kexu da oposizioa
Asteasteazkeneko osoko bilkuraren oihartzuna atzo ere entzun zitekeen udaletxeko korridoreetan. Eneko Goia EAJko bozeramaileak gehiago espero zuela aitortu du. Zehaztasunik eskaintzeko gai izan ez zirela eta gobernuan daudela ohartzeko unea dela adierazi du. Bilduren iritziarekin bat ez datozen ikuspuntuak onartzeko prest ez daudela kritikatu du, halaber.
Goiak nahiz oposizioko bozeramaileek autobus geltokia izan dute mintzagai. EAJko bozeramailearen ustez, Loiolako Erriberaren aldeko apustua eginez gero, Atotxakoa baino aukera hobea den proiektua, lursailak eskuratzeko hitzarmena nahiz bestelako txostenen bat aurkeztu beharko lukete.
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak ez du uste Juan Karlos Izagirre alkateak «argi eta garbi» hitz egiten duenik. Aldundia saihesbidea Loiolako Erriberarekin lotzeko prest dagoen agiria, txosten edo datu ekonomikoren bat erakutsi beharko lukeela erantsi du Gascok.
Ramon Gomez PPko bozeramaileak ere ildo beretik jo du. Eurek Loiolako Erriberako aukeraren alde egin izan dutela, baina Udal Gobernuaren proposamena aztertzeko, «ganorazko zer edo zer» aurkeztu beharko luketela adierazi du. PPko ordezkariek barrutiak osatzeko udal taldeak prestatutako araudia Udal Gobernuari azaltzeko nahia agertu dute.
Hiru bozeramaileek bat egin dute alkateak eta Udal Gobernuak Udalbatza entzun gabe jarraitzen duela baieztatzerakoan.
