Datorren astean lekuz aldatuko dituzte Peñafloridako sekuoiak
Amarako Peñafloridako institutua botatzeko lanei ekin badiete ere, eraikinak oraindik lehengo itxurari eusten dio. Haritzalde talde ekologistako kideek ikastetxe berria bai, baina institutua berdez apaintzen duten zuhaitzak bere horretan mantentzea nahiko lukete. Horretarako, ordea, institutu berriaren proiektua aldatu beharko litzateke eta Eusko Jaurlaritzak ez du horretarako asmorik.
Egoera horren aurrean, Udalak hartu du Peñaflorida institutua inguratzen duten zuhaitzetatik hiru sekuoia tokiz aldatzeko ardura. Datorren astean dute zuhaitz horiek atera eta birlandatzeko asmoa. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, urriaren 29 ala 30a aukeratuko dute hiru sekuoiak beren lekutik mugitzeko eguna. Bizileku berria, dena den, ez dute oso urrun izango; Gas Fabrika zaharraren aurreko biribilgunera bidaliko dituztelako.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren esanetan, oraindik ez dira zuhaitzak mozten hasi. Institutua inguratzen dituzten 45ak berreskuratu nahi izanez gero, baina, Udalaren eginkizuna izan beharko lukeela berretsi dute. Hezkuntza sailak bere garaian adostutako proiektua errespetatuko duela jakinarazi du eta orduan zuhaitzak babesteko neurririk ez zela hartu azaldu dute. Dena den, Udalak gainontzeko zuhaitzak leku aldatzeko asmorik balu, Jaurlaritzak beharrezkoak diren erraztasunak eskainiko lituzkeela erantsi dute.
Astero elkarretaratzea
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak iritziz alda dezan, astero, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak deituta, Peñaflorida institutuaren aurrean elkartzen dira ostiralero. 20-40 lagun inguruko taldea osatzen dute astero.
