Marta Navaridasek bere zirkua aurkeztuko du
Dantzari donostiarrak ‘Your Own Personal Circus’ obra taularatuko du Viktoria Eugenia Klub aretoan
Lehoirik gabe, akrobatarik gabe, trapezista gabe, magia trikimailurik gabe… Marta Navaridasek (Donostia, 1979) zirku ikuskizun bat birsortuko du, soilik bere gorputzarekin. Jaun-andreok, hemen da koreografo eta dantzari gaztearen Your Own Personal Circus lan berria. Viktoria Eugenia klub aretoan aurkeztuko du bihar, ostirala.
Dantza garaikidetik urrun dauden testuinguruetan lan egitea du gustuko Marta Navaridasek. Eta dantzari garaikide den aldetik, testuinguru horiek berrikusi egiten ditu. Zirkuaren lengoaia hartu du oraingoan abiapuntu gisa: «Gogoratzen dugun zirkuaren lengoaia, jakina; zirkura beharbada 10 urterekin joan bainintzen azken aldiz. Zein oroitzapen ditut ikuskizun haien inguruan? Oroitzapen horiek jasotzen dituzten koreografia txikiak jaso ditugu lan honetan. Ez da obra luzea, ordubete irauten du; baina fisikoki dena ematen dugu emanaldian».
Alex Deutinger (Salzburgo, 1976) dantzariarekin batera, irudipen bat birsortzen saiatu da Navaridas; zirku ikuskizun baten irudipena: «Bi pertsona bakarrik gara, eta etengabe pertsonaia desberdinak interpretatzen ditugu. Ekilibristak gara, hezle ere bai… Gure gorputzez gain, mikrofono bat dugu, besterik ez. Ez dago musika bandarik, ez dago animaliarik…».
Minimalismo erradikala
Izan ere obraren helburua ez da zirku ikuskizun bat birsortzea: «Minimalismo erradikalenetik eta gure memoriatik abiatu gara. Zirkua minimalismoaren aurkakoa da, eta dibertigarria zen guretzat hau egitea. Ez duzu ezer, baina zirkuaren birtuositatea eta handitasuna irudikatzea lortzen duzu».
Gainera Navaridasek eta Deutingerrek ez dute inolako loturarik zirkuaren munduarekin: «Proiektu honen alderik interesgarriena eta erronka handiena hori izan da hain zuzen; gure koreografia eta irudimenaren bidez nola gainditu oztopo horiek guztiak? Nola egiten duzu trapezistarena ez bazara zintzilikatzen? Nola egiten duzu hezlearena animaliarik gabe? Inoiz egin dudan obrarik fisikoena da. Gorputzek hitz egiten dute, inoiz baino gehiago».
Azken aldiz, dFerian
Dantzari donostiarra dFerian izan zen azken aldiz Doonostian, taula gainean. Hanburgoko Fingersix kolektiboarekin La sonrisa ganadora aurkeztu zuen. Miss Unibertso lehiaketa irudikatu zuen koreografia komiko eta garratz batean: «Arestian esan bezala, testuinguru desberdinak gustatzen zaizkit. Edozein testuinguru interesgarria izan daiteke koreografia bat sortzeko. Alexekin batera, Barack Obamak Bakearen Nobel Saria eman zioteneko hitzaldia ardatz duen obra egin nuen. Alexek buruz ikasi zuen eta hitzez hitz errepikatzen du eszenatokian. Nik oroitarazlearen papera egiten dut, baina ez diot zer esan behar duen esaten; nola mugitu behar duen esaten diot. Berak nik egiten dudan guztia kopiatzen du gorputzarekin, ez du zerikusirik hitzaldiarekin, eta jakina, egoera oso eskizofrenikoa sortzen dugu. Miss Unibertso lehiaketak eta politikari baten hitzaldiak ez dute dantzarekin zerikusirik. Baina horrela lan egitea gustuko dut».
Egun Donostian bizi da, baina hara eta hona dabil Donostiatik Europako beste hainbat hiriburutara: «Koreografo eta dantzari ibiltaria naiz. Proiektuen eramaten lekuetara joaten naiz. Hainbat koreograforekin ekoizpenak egiten ditut. Austriako talde batekin musikal bat egin berri dut. Historiako lehen musikala hartu eta gaurkotu egin dugu. Orain Donostian aurkeztuko dudana nire lan pertsonal bat da, baina ez dakit, batzuetan zaila da etiketak jartzea».
Hamazazpi urterekin joan zen Donostiatik. Itzulpegintza ikasketak egin zituen Bartzelonan. Koreografiaren mundua ezagutu zuen eta Herbeheretara joan zen ikastera. Txikitan, hiriko kontserbatorioan ikasi zuen Peter Brownekin.
Donostian Europan zehar taularatu dituen lanak interpretatzea gustatuko litzaioke Navaridasi: «Barack Obamarena batez ere. Gogotsu nago hona ekartzeko, hainbat sari eskuratu dituelako beste herrialdetan. Obra, ordea, ingelesez da. Azpitituluak erabili beharrean itzultzaile baten figura erabiltzea pentsatu dugu, Nazio Batuen Erakundean bezala [barrez]. Gai interegarria iruditzen zait, ez bakarrik dantza gustatzen zaienentzat; politika zaleentzat ere bai».

