Behobia-Donostia lasterketan musikak ez du etenik izango
Hilabete bat besterik ez da falta Behobia-Donostia lasterketa handirako. Fortuna Kirol Elkarteko arduradunak azken xehetasunak ari dira prestatzen; eta gaur, ibilbidean entzungo den musikaren berri eman dute. Izan ere, antolakuntzak ez du ustekaberik nahi, eta korrikalarien Interneko hainbat forotan kontsulta egin ondoren, musika animazioari garrantzia handiagoa ematea erabaki du.
Lasterketaren hasiera Mikel Apaolazak eta Joseina Etxeberriak girotuko dute. Behin Lezora iritsita, bai publikoak eta baita parte hartzaileek ere soula, acidjazza, dancea eta funkaz gozatuko dute, ACIDO C taldeari esker. Pasaiako portuan, berriz, DJ ugari egongo da giroa alaitzen. Trintxerpen, Pasaiako Musika Eskolaren txanda izango da, Mirakruzeko maldan bertan, Emaiok batukadaren danborrek lagunduko diete korrikalariei erritmoa mantentzen. Bukatzeko, azken kilometroan, DJ batez gain, Pasaiako txaranga arituko da giroa alaitzen; eta helmugan, Gaztea irratiaren eskutik, Oihan Vega DJa izango da.
