Enkantea
Hirian arte lanak modu honetan saltzen dituzte; esaterako, gaur bertan.
Filmetako irudia, enkanteei dagokienez, benetakoa dela esaten du Castor Uranga Anteoko zuzendari orokorrak. Enpresa honek artelanak eta zaharkiak jarriko ditu gaur bertan enkantean.
Prim kalearen beheregia eta soto batean daukate egoitza. Azkeneko bi asteetan ikusgai jarri dituzte 300etik gora salgaiak. «Gela honetan bertan izango da enkantea», adierazi du Urangak XV. mendetik XX.erako piezek inguratuta.
Artearen zalea dela nabari zaio Urangari, eta penatuta dago San Telmo Museoak arte plastikoei arreta gutxi egiten dielako; «are gehiago hiriaren Parte Zaharrean dagoenean; hor, edozeinen eskura».
Enkante etxeetan, normalean, saltzaileak eta erosleak harremanetan jartzen dituzte. Urangak azaltzen duenez, «gure lana salgaiak jaso, aztertu eta katalogoa osatzearekin hasten da». Modu honetan, zerbait saldu nahi duenak bere esku utz dezake egiazkotze eta produktua behar bezala identifikatzeko lana.
Egungo enkante etxeek, katalogo fisikoa osatzeaz gain, Interneten jarri ohi dituzte salgaien zerrenda eta informazio fitxak. «Guk katalogoa 3.000 bezerori bidaltzen diegu». Baina, ohikoa da ere enkante eguna baino lehenago salgaiak ikusgai jartzea. Prim kaleko aretoan, esaterako, gaurko salmentako objektuak, bi astez izan dira ikusgai.
Balizko erosleek ez dute enkante eguna arte itxaron beharrik. Aldez aurretik egindako diru eskaintzek sobre itxi baten bidez helarazten zaizkie arduradunei. «Egunean bertan, berriz, hementxe zein telefonoz egin ahal izaten dira eskaintzak», zehaztu du Urangak.
Enkante hauek, berriz, filmeetakoekin alde nabarmena dute; prezioa, alegia. «50 eurotan hasita, artelanak dituzu. Futbolera joaten diru gehiago gastatzen duen jende asko dago». Salneurri hori, baina, irteerakoa da; hots, enkantea hasiko dena. Hala ere, zertxobait inguru horretako kopuruan etxeratzeko hainbat gai daude. «Begira pilotari hauek, 90 eurotan daukate irteera», adierazi du Urangak Bienabe Artiaren akuarela bati keinua eginez.
Ascensio Martiarena erretratugile donostiarraren hainbat lan irtengo dira enkantera gaurko saioan; baita Ricardo Ugarte, Elias Salaberria zein Bilbaoko Arrue anaienak ere. Gustu guztietarako eta poltsiko guztietarako salgaiak daude; azken batean, Urangak azaltzen duenez, «gu euskal margogintzan espezialduak gaude, bereziki gustatzen zaigu-eta».
Benetakoak dira, beraz, filmetan ikusten diren hainbat gauza. Horien artean, arte lanen enkanteak.

