Entrenatzailea eta saskiratzaile onena galdu ditu Salto Bera Berak
Baja garrantzitsuak dira gurpil aulkiko saskibaloi taldeak jasotakoak, baina dagoeneko bete ditu hutsuneak
Aldaketen garaia iritsi da Salto Bera Bera gurpil aulkiko saskibaloi taldera, Iban Perez entrenatzaileak eta Mikel Garmendia jokalariak taldea uztea erabaki baitute. Biak ere baja garrantzitsuak dira, urteak baitzeramatzaten taldean. Edonola ere, taldeak aurrera egingo du eta gogotsu dago denboraldi berriari aurre egiteko. Entrenatzaile postua Jurgi Olasagasti usurbildarrak bete du, eta Montse Oteroren laguntzarekin ari da lanean. Ivan Etxebarria, taldeko jokalari beteranoetako bat, bigarren entrenatzaile postuan dago, eta oso lagungarria egiten zaie bere laguntza.
Lehen Mailako Ligan, iparraldeko multzoko txapelduna izan zen Salto Bera Bera 2010-2011 denboraldian. Horri esker, Ohorezko B Mailarako igoera fasea jokatu zuen. Baina bere ametsa bete gabe geratu zen, igoera faseko laugarren postuan geratuta. Edonola ere, Bera Berak argi utzi zuen talde lehiakorra zela. Amaia Cadarso, taldeko koordinatzailea da, eta Irutxuloko Hitzari azaldu dioenaren arabera, aurtengo taldea apalagoa da. «Mikel Garmendia taldeko saskiratzaile onena zen, eta triatloirako bereziki prestatzeko utzi du taldea. Bere hutsunea nabarituko dugu, saskiratzaile nagusia baitzen. Taldea egonkortzen saiatuko gara eta helburu apalagoak jarri beharko ditugu», dio Cadarsok.
Duela hiru urte taldean laguntzen aritu zen Jurgi Olasagasti, eta orain Ibef ikasketak bukatu berri dituenez, entrenatzaile postua betetzera etorri da. Edonola ere, Olasagasti berak onartu dio egunkari honi, ez dutela lan erraza izango, hurrengo astean hasiko duten Ligan. «Ezingo dugu iazkoa bezalako Ligarik egin, baina ahalik eta lanik onena egiten saiatuko gara, goiko postuetara hurbiltzeko», onartu du entrenatzaileak. Funtzionamendu guztia nahiko berria izango da Olasagastirentzat, ez baititu Ligako gainontzeko taldeak ezagutzen. Aurkarien inguruko informazioa jasotzeko, ordea, jokalarien laguntza dauka. «Lehenengo partidari begira, dagoeneko esan didate aurkariek nola jokatzen duten. Horretaz gain, aurreko urteetako partidak bideoan grabatuak dauzkagu».
Liga begibistan dute
Duela bost urte jaio zen Bera Bera klubaren barruan, elbarrientzat egokitutako saskibaloi taldea. Bere sorreran, Gipuzkoako Elbarrien Federazioak bultzatu zuen. Talde mistoa da eta, hasiera gogorra izan zuen arren, pixkanaka goranzko bidea egin du.
Aurreko denboraldian bezala, Espainiako Lehen Mailako Ligan lehiatuko da taldea. Ligako iparraldeko multzoan, sei talde arituko dira Saltorekin batera: Zamorako Orto Tres Cruces, CEM L’Hospitalet, Avileseko Cosa Nuesa, Ademi Tenerife, Bartzelona eta Cai Zaragoza Promesas. Ligako lehen partida urriaren 29an jokatuko dute, Zamoran, Orto Tres Crucesen aurka. Etxeko lehen partida, berriz, Bidebietako kiroldegian jokatuko dute azaroaren 6an, Cosa Nuesaren aurka.
Salto Bera Bera, Ligako egutegia:
- Urriak 29 (20:30). BSR Orto tres Cruces-Salto BB
- Azaroak 6 (11:30). Salto BB-Cosa Nuesa
- Azaroak 12 (16:00). CEM L’Hospitalet-Salto BB
- Azaroak 20 (11:30). Salto BB-Cai Zaragoza
- Azaroak 27. Ademi Tenerife-Salto BB
- Abenduak 4 (11:30). Salto BB-Bartzelona
- Urtarrilak 15 (11:30). Salto BB-BSR Orto tres Cruces
- Urtarrilak 21 (18:15). Cosa Nuesa-Salto BB
- Urtarrilak 29 (11:30). Salto BB-CEM L’Hospitalet
- Otsailak 5 (12:45). Cai Zaragoza-Salto BB
- Otsailak 11 (15:00). Salto BB-Ademi Tenerife
- Otsailak 18 (16:00). Bartzelona-Salto BB


