Herritarrak eta auzoak izango dira Bilduren agintaldiko ardatzak
Tabakalera, Loiolako eta Añorgako bulebarizazioa eta Martutenen zubia egitea jo ditu agintaldiko inbertsio nagusi gisa
Hiri mailan bada ere, ikusmin handia sortu zuen atzoko osoko bilkurak. Aurreko udalbatzarrean oposizioak aurkeztutako erakunde adierazpen eta mozioek izan zuten protagonismo berezia. Oraingoan, berriz, Udal Gobernuari, Bilduri, zegokion hurrengo urteetan garatuko duen programa eta ekimen zerrenda xehetzea.
Hala, hamar ardatzetan banatu ditu Udal Gobernuak agintaldiko lehentasunak. Ardatz guztiek, baina, bi oinarri dituzte funtsean: herritarrak eta auzoak. Udalak euren beharrei erantzungo diela jakinarazi du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Bi zutabe horiek udal politikako gidalerro bilaka daitezen, aldaketa sozial berritzailea proposatuko du Udal Gobernuak. «Gure programa ez da azpiegitura erraldoien zerrendatze huts bat; gure programa pertsonengan oinarritzen da, ondasun komunaren erabilpen eta kudeaketa amankomunean», esan du Izagirrek.
Herritarrak, gainera, Udaleko partaide bilakatu nahi ditu. Dei berezia egin die, hain justu, donostiarrei: «Ez zaitezte konforma lau urtetik behin bozkatzera joatearekin. Zuen auzo eta herrietan parte hartzea, edozein elkarte edo plataformetan, edo Donostiako Udalaren kudeaketan parte hartzea ona da; osasuntsua, bai instituzioentzat eta baita pertsonalki ere».
Hain zuzen, 2012ko aurrekontuari begira, auzo eta herrietako beharrak zeintzuk diren finkatzeko, herritarrak berak «inor baino hobeak» direla zehaztu du. Donostiarrek plazaratzen dituzten beharrei erantzuteko, ordea, arazo nagusi batekin egin dute Bilduko ordezkariek topo. Zerga eta tasen ordainketatik ez datorren diru sarreren eskasia. Udal Gobernuak, halere, argi du, ez dutela «inolaz ere zorra handituko».
Baldintza horri eutsiz, Tabakalerako proiektua aurrera ateratzeko ahalegin berezia egingo du Udal Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Bildurentzat funtsezko izango diren beste inbertsio batzuk Loiolako eta Añorgaren bulebarizazioa eta Martutenen eraikiko duten zubi berria izango dira. Izagirre eta bere taldeak ez du, era berean, Lore Toki zokoan utzi nahi. Elorzaren Gobernuak lursaila eskuratzeko protokoloa bideratu zuen eta Bildukoek eremua erosteko hitzarmena adostu nahi dute.
Ongizate zentroa, Erriberan
Juan Karlos Izagirre alkateak atzoko agerraldian hamar ardatz zerrendatu zituen. Ongizate saila indartzea kokatu du lehenengoen artean. «Udalak ekipamenduen plana indartzeko apustua» egingo duela dio eta Loiolako Erriberan Ongizate zentroa zabaltzeko asmoa duela iragarri du. Bestalde, kale gorrian bizi direnentzat aterpea urte osoan irekita egotea bermatuko dute.
Alkateak, bestetik, Berdintasun saila indartzea beharrezkotzat jo du. Donostia parekidea lortzeko, «mugimendu feministen ekarpena ezinbestekoa» dela nabarmendu du. Era berean, hiriak migrazio eta aniztasunaren gaia jorratuko duen saila behar duela erantsi du.
Naturguneei balio handiagoa ematea izango da beste erronketako bat. Hala nola, Ulia, Urumea eta Lore Toki bezalako guneen zaintza bultzatu nahi dute eta horretarako, auzolana sustatuko dutela dio alkateak. Ingurumenaren alde, halaber, birziklapena indartu eta %80ra iristea jarri dute jomuga. Errauste plantaren atzerapenaren aldekoak direla berretsi du Izagirrek.
Kalea, kultur eszenatoki
Kultura denon aberastasuna dela argi utzi du alkateak. Hala, jada, kulture ondare diren Jazzaldia, Zinemaldia eta Hamabostaldia bultzatzen jarraitzeko ez du eragozpenik jarriko Bilduk. Are gehiago, euskara eta tokiko kultura suspertu, jaiak modu parte hartzaileagoan antolatu eta kalea kultur eszenatoki bilakatuko dutela adierazi du alkateak. Euskararen arloan, udal araudia jarriko du indarrean eta Euskararen Zerbitzua sortuko dute.
Auditz Akular, ez
Etxebizitzari dagokionez, etxe hutsen errolda egingo duela baieztatu du Juan Karlos Izagirrek; eta hiria «ekonomikoki eta ekologikoki ez hipotekatzeko», Auditz Akular ez dutela eraikiko aditzera eman du. Txomin Enean, dena den, 600 etxe eraikitzeko asmoa dute. Alkateak, horretaz gain, Plan Orokorrean aldaketak egiteko prest daudela aditzera eman du.
“Dibertsifikazioa”
Bertako ekonomia errotu eta bultzatzeko, denda txikien aldeko apustua egingo du Bilduk. Turismoaren alorrean, esaterako, «dibertsifikazioa» indartu behar dela esan du; «barne turismoa» sustatuz eta aterpe etxeen sare erakargarria eratuz.
Memoria Historikoaren gaia ere ez du Udal Gobernuak bazterrean utzi nahi.
Hamargarren eta azken ardatz gisa, udal kudeaketan aldaketak egiteko prest daudela zehaztu du alkateak. Hala nola, udal kontratazioetan gizarte klausulak ezarri, lan eskaintza publikoa egin eta fiskalitean aldaketak ezartzea dute xede.
Alkatearen agerraldia hankamotz geratu da, oposizioko bozeramaileen iritziz
Egitasmo estrategikoen inguruan ezer ez duela esan leporatu dio Ernesto Gascok Izagirreri
Alkateak 35 minutuko agerraldian agintaldiaren nondik norakoak azaldu ostean, oposizioko bozeramaileek hogei minutuko txanda izan dute alkateak aipatu gabe utzi dituen gai eta proiektuak leporatzeko eta eurek bere lekuan zer egingo luketen azpimarratzeko.
PSE-EE bozeramaile Ernesto Gasco izan da hitza hartzen lehena eta PPko kideak, Ramon Gomezek, egin bezala, ETAren biktimak izan dituzte hizpide. ETA desagertzeko aldarrikapenik ez egitea gogor kritikatu dute biek ala biek.
Gascori ez zaio alkatearen eta Udal Gobernuaren proposamena gustatu. Hiriak etorkizuneko erronkei aurre egiteko izan beharko lituzkeen egitasmo estrategikoen inguruan ezer ez duela esan leporatu dio alkateari. «Tabakaleraz eta Donostia 2016 egitasmoaz gain, ezer gutxi esan du». Enpleguaz aipamenik ez duela egin eta lana edota enpresa berriak sortzeko abian jar daitezkeen neurriez txintik ere duela ez esan erantsi du.
Aurkeztutako programa Bilduk Bildurentzat egina dela gaineratu du.PSE-EEk eta Bilduk, halere, erronka batean, behintzat, bat egiten dutela azaldu du Ernesto Gascok: euskararen aldeko apustuan.
PP: «Edozerk balio du»
Ramon Gomez PPko bozeramaileak adarra jotzen ari ote diren esan du. Alkatearen egitasmo zerrenda entzunda, Erdi Arora atzera egin ote duten, esan du.
Agintaldiko lehen egunetan piztu den Uxotegiren auzia dela-eta, orain «edozerk balio» duela salatu du PPko bozeramaileak. «Nahi dena okupa daiteke, Juankarren baimena izango du-eta», esan du Gomezek. Etxebizitza arazoari era horretan erantzungo ote dioten iradoki du.
Gainontzean, PPk orain arte bultzatu dituen egitasmoak berriz ere mahai gainean jartzeaz arduratu da Ramon Gomez. Hala, herritarrei erabakitzeko ahalemena ematean, hiria barrutietan banatzeko PPk osatu duen araudia babesteko eskatu diote Bilduri. Haiek proposatu bezala, TAO sistema industrialdeetatik kentzeko pausorik ez dutela eman aditzera eman du.
Ekonomia suspertu eta langabezia txikitzeko, «inbertsioak bilatzea ezinbestekoa» dela adierazi dio Gomezek Juan Karlos Izagirre alkateari. Illunbe, hain zuzen, horretarako aproposa izan daitekeela aditzera eman eta Bilduk esandakoaren arabera, Illunberekin zer gertatuko den arrastorik ez dagoela aditzera eman du PPko kideak.
EAJ: «Aldaketarik gabe»
Eneko Goia EAJko bozeramaileak «aldaketa, aldaketarik gabe» esaldian laburbildu du alkatearen agerraldia. Hainbat gai sakontzeko aukera zutela baina zehaztasunik ez dutela eman kritikatu du. «Biziklapena nola handitu nahi dute? Atez atekoaren alde al daude? Hondakinen Partzuergoak dioena beteko dute baina Udalbatzaren gehiengoa errespetatuko al dute?» galdetu du Eneko Goiak.
EAJko bozeramaileak, bestalde, egungo zulotik ateratzeko, «aberastasuna sortzean dago gakoa», dio. Horregatik, krisiaren aurkako plana garatzea «beharrezkoa» dela azpimarratu du. Plan horrek hiru zutabe izan beharko lituzkeela zehaztu du: ezagutza indartu, erakartzeko ahalmenari eutsi eta bertako kultura eta hizkuntza sustatzea. Indarkeria ezak hiria susper dezakeela azaldu du.
Azkenik, benetako partaidetza errotzeko, «diferentziak alboan uztea beharrezkoa» dela dio Goiak eta Gobernuak, orain arte, horrelako jarrerarik ez duela inondik inora ikusi adierazi du.

