Ez belarretan, ez izotzetan
Mundaiz Kirol Elkartea patin hockey taldea duen Gipuzkoako talde bakarra da; Espainiako hirugarren Ligarik indartsuenean jokatzen du eta gogotsu ekin dio denboraldiari.
Belar hockeya edo izotz hockeya kirol ezagunak direla esan daiteke. Donostian, gainera, kirol horietako puntako Ligetan jarduten duten taldeak daude: Izotzean, Txuri Urdin, eta belarrean, emakumezkoen Reala, eta gizonezkoen Donostiako Atletiko. Bi modalitate horietaz gain, ordea, bada beste bat ere, patin hockeya. Hirian bada modalitate horretan jokatzen duen talde bat ere: Mundaiz. Halaxe azaldu dizkio Lander Domingo Mundaizeko entrenatzaileak Irutxuloko Hitzari kirolaren ezaugarri nagusiak: «Patin hockeyan jokatzen dugula esatean, beti galdetzen digute ea zein patin erabiltzen ditugun. Patin tradizionalekin jokatzen dugu, lau gurpildunak; eta joko eremua areto futbolerako edota saskibaloirako erabiltzen den berdina da. Izotzekoek pastilla erabiltzen duten bezala, guk bola batekin jokatzen dugu; eta gure stickak ez du belarrekoarekin eta izotzekoarekin zer ikusirik». Edonola ere, Domingok argi utzi nahi izan du, beraiek jarduten duten modalitatea berezia dela. «Patin hockeyak ez du beste biekin zer ikusirik; praktikak askoz harreman handiagoa du saskibaloiarekin».
Mundaizeko taldea, Egiako Mundaiz ikastetxetik sortutakoa da. Jokalariek Mundaizeko ikasleak izateari uzten ziotenean, jarraipena eman ezinik geratzen ziren. Hala, 1974an, Mundaiz Kirol Elkartea sortu zuten. Hortik urte batzuetara, ordea, diru faltagatik talderik atera gabe geratu ziren. Baina, 2003an, berriro lanean jarri ziren eta hortxe jarraitzen dute ordutik. «Eskolan lehenengo patinatzen irakatsi ziguten eta gero patin hockeyan. Gainera, oraindik ere, astean behin Mundaizeko kirolgunean entrenatzen dugu», azaldu du Domingok. Beste bi egunetan, ordea, Anoetako Gaska kiroldegian entrenatzen dute, eta partidak ere bertan jokatzen dituzte.
Izan ere, partidak jokatzeko beharrezkoa da gune estalia izatea. «Eskolak urteak daramatza pista estalia eskatzen, baina momentuz behintzat, ez du lortu». Gaur egun, 11 jokalarik osatzen dute Mundaizeko talde seniorra. Partidetako talde titularretan, bost jokalari aritzen dira, horietako bat atezaina. Hala ere, kirol honek duen zigorretako baten bidez, momenturen batean jokalari gutxiagorekin jokatzen aritu daitezke. «Ez dago txartel horirik, baina bai urdina, hau da, kanpora bi minutuz botatzen zaituena. Hala, momentu batean lau hiruren aurka jokatzen aritu gaitezke», argitu du Domingok.
Harrobian hutsunea
Lander Domingo aurten itzuli da Mundaizera, txikitatik bertan jokatu ostean. Ibaiondo taldea ere sortu zuen bere garaian Mundaiz Kirol Elkarteak. Talde profesionalagoa zen Ibaiondo, eta bereziki jokalari atzerritarrek osatzen zuten. Domingok, ordea, bertan jokatzeko zortea izan zuen, baina aukera gutxi izan zituela onartu du. Duela lau urte, ordea, Ibaiondo desagertu egin zen, eta Domingo Biarritzeko taldera joan zen jokatzera. Aurten, entrenatzaile hutsunea betetzera itzuli da, baina bi jokalarik kanpoan ikasten dutenez, jokalari lana ere egin behar izaten du.
Gora-beherak tarteko, momentu honetan Mundaiz da patin hockeyko taldea duen Gipuzkoako talde bakarra. Lehenengo B Mailako Iparraldeko Multzoko Ligan jokatzen du taldeak, hau da, Espainiako hirugarren Ligarik indartsuena dena; OK Liga eta Lehenengo Mailaren atzetik. Mundaizek ez du helburu zehatzik, baina entrenatzaileak ez du baztertzen igoera fasea jokatzeko aukera. «Igoera lortzea oso zaila da, multzo guztietako taldeen artean bakarra igotzen baita. Hala ere, ongi gabiltza eta goiko postuetan egoteko borrokatuko dugu», dio sendo Domingok. Zehazki, Iparraldeko Multzoko Ligan, 13 talde dabiltza lehian, eta momentu honetan sailkapeneko hirugarrena da Mundaiz. Izan ere, jokatutako lau partidetatik hiru irabazi dituzte.
Harrobiari dagokionean, Mundaiz ikastetxeko haurrek badituzte taldeak. Hala ere, seniorren taldetik 11-12 urteko jokalariak bitarte, hutsune garrantzitsua dute. Beraz, horrek goiko taldearen etorkizunean eragina izango du. «Harrobia ikusita, urte batzuetan iraun beharko dugu seniorrek, gazteek hobetu arte. Gure taldean 16 urteko jokalari pare bat daude, baina 30 urtekoak ere bagaude». Etorkizuna etorkizun, momentuz talde polita du Mundaizek, eta lanean jarraitzeko gogoz dagoena gainera.
Mundaiz K.E., 2011-2012ko taldea:
Atezainak. Iker Alvarez eta Asier Gonzalez.
Jokalariak. Asier Galea (kapitaina), Enrique Escribano, Julen Iturain, Oinatz Fernandez, Dani Angeles, Iñigo Ferrer, Iñigo Menen, Mikel Masse eta Lander Domingo (entrenatzailea).



