Aizkora zorrozten hasi da Beldurrezko Astea
Gorka Otxoa aktorea protagonista duen ‘Lobos de Arga’ proiektatuko dute
Banpiroak, estralurtarrak, likantropoak, robotak, zonbiak… Eta Josemi Beltran zuzendariaren hitzetan, «askotan munstro horiek baino beldurgarriagoak direnak. Gu geu, gizakiok, eta gure krudeltasuna». Horiek guztiak izango dira Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.
‘Livide’ filmaren proiekzioarekin hasiko da Antzoki Zaharreko programazioa urriaren 29an. Hilzorian dagoen dagoen emakume zahar misteriotsu baten, eta hura zaintzera joango den neska gazte baten istorioa da. Protagonista guztiak iraganeko oroitzapenetan harrapatuta daude, hildako lagunen mamuak atzetik dituztela. Alexandre Bustillo eta Julien Maury zinemagile frantsesen lan berria da, eta hirian izango dira filma aurkezteko.
AEBetako Kevin Smith zuzendariaren ‘Red State’ film berria ere izango da ikusgai. Sitgeseko jaialdian epaimahaiaren saria eskuratu berri du. ‘The Devil’s Rock’ dibertigarri eta eroan gorrotoz betetako naziak eta toplessa egiten duen emakume deabru bat izango dira protagonista Zeelanda berriko film honetan. Beste mundu bateko biztanlez betetako etxe sorgindu batean sartuko ditu ikusleak ‘The Selling’ lanak.
Espainiako ekoizpenak ere ekarriko dituzte. Kubako zonbien film batekin amaituko da, hain zuzen, jaialdia ‘Juan de los muertos’ lanarekin. Gizotsoen inguruan egin diren film klasikoen omenaldi gisa sortutako ‘Lobos de Arga’ filmean Gorka Otxoa aktore donostiarra agertuko da pertsonaia nagusi gisa. Bere senetik ateratako rol dibertigarrian ikusiko dute zaleek.
Proiekzio berezi bat programatu dute ekitaldi honetan. 3D formatuan emango dute Viktoria Eugenia Antzokian urriaren 29an. Frantziako ‘The Prodigies’ animazio filma izango da ikusgai 17:00. Gazte eta nerabeentzako gozagarria izango da.
Jaialdiaren lehen egunetan gauak luzatu egingo dira, gauerdian hasiko diren emanaldiak izango baitira. Larunbatean hainbat film labur eta ‘The Orphan Killer’ eta ‘The Devil’s Rock’ filmak proiektatuko dituzte. Igandean, Noburu Iguchi zinemagile japoniarrari eskainiko diote gaua eta haren bi film emango dituzte. Eta astelehenean, jakina, Halloween gaua ospatuko dute. Gau ero eta ganberroena ostegunean, azaroaren 3an helduko da, Grindhouse gaua.
Zinemaz haratago ere izango da zer ikusi Beldurrezko Astean. Larunbatean Deabru Beltzak antzerki taldea Bulebarrean eta Parte Zaharrean izango da kaleko giroa berotzen. ‘The Wolves’ lana antzeztuko dute. Erakusketak ere beldurrezko eta fantasiazko mundua pantailatik kanpo ezagutzeko aukera emango dute. Udal Liburutegiaren San Jeronimo kaleko jarduera aretoa zinemako heroiek hartuko dute. Okendo kultur etxera, berriz, Malakiasen plastilinazko irudi beldurgarriak helduko dira. Arantza Sestayo marrazkilari donostiarraren lana Alderdi Ederreko liburutegian zintzilikatuko dute.
Beldurrezko jaialdia bukatzean, azaroaren 6an ikuskizun berezia prestatu dute Gazteszenan. Miguel Noguera komikoaren ‘Ultrashow’ ikuskizuna;bakarrizketa-hitzaldi bat eskainiko du 19:00etan.
Nekrogune ekimenak hainbat jarduera proposatuko ditu Beldurrezko Astean zehar. Azaroaren 4an Poteo of the dead edo Zombie Walk martxa egingo dute. Urriaren 29an, berriz, hainbat diseinatzaile donostiarrekin batera moda erakustaldia egingo dute, gazteek sortutako izu eta fantasiazko elastikoekin. Eta urriaren 30ean, Bretxan, Zonbi galduaren bila izeneko haurrentzako jinkana egingo dute.




