Bukatu dituzte kai muturra berritzeko lanak
Itsasoa baretzen denean, irlara heltzeko eskailerak konponduko dituzte; egun bakarreko lana izango da
Uda amaituta, itsasoak eta urteetako erabilerak hondatzen dituen eremu eta txokoak berritzeko aprobetxatzen dute. Herritarrengandik hurbilen dauden hondartzetan ez ezik irlan ere egiten dituzte konponketa lanak.
Oraingoan, irlako kai muturra eraberritu dute. Udal teknikariek aztertutakoaren arabera, arrakala eta zulo handi xamarrak zituen kai muturrak eta erortzeko arriskua zuen. Hori dela eta, Udalak 58.759 euroko aurrekontua prestatu eta harresia konpondu dute. Itsaso bizia urpekarien lanerako eragozpen bazen ere, azkenean lanak bukatu eta kai muturra atontzea lortu dute.
Urpekariek itsaso azpian pilatuta zegoen hondar eta zikinkeria garbitu behar dute eta harresiaren egonkortasuna arriskuan jartzen zituzten pitzadurak estali dituzte.
Lanak ekainean hasteko moduan zeuden, Udalak proiektua prest zuelako ordurako. Lanak abiarazteko, baina, Ingurumen ministerioko Kosta sailaren baimena beharrezkoa zen eta abuztuaren 29an jaso zuten. Olatuek ahalbidetu bezain laster ekin zieten hiru asteko luzapena zuten lanei.
Orain, kai muturreko eskailerak konponduko dituzte. Egun bakarreko lana izango dela kalkulatu dute.



