Izagirre: "Herritarren garaia iritsi da, lanerako garaia"
ETAk atzo emandako berriaren ondoren, topa egiteko eguna izan da gaur udaletxean eta halaxe egin dute PP eta PSE-EEko ordezkariek. Biktimak gogoan izateko larrosa zuriak eskaini dituzte sozialistek Alderdi Ederreko monumentuaren aurrean.
Juan Karlos Izagirre alkateak, gainontzeko Udal Gobernuko kideekin batera, bandoa plazaratu du. Haren bidez, dei berezia egin die donostiarrei: “Gatazkaren konponbidea lortzea, demokrazia lortzea, justizia eta benetazko bake lortzea landu nahi dugu. Guztion artean. Orain, herritarron garaia iritsi da; lanerako garaia. Ez dezagun aukera hori alferrik galtzen utzi, eta has gaitezen donostiar guztiak, elkarrekin, biharko Donostia eraikitzen”.
Erabaki “historikoa” dela kalifikatu du alkateak. Dena “eraikitzeko” dagoela eta “bake justu eta betierekoa eraikitzeko garaia” dela. Astelehenean nazioarteko bitartekariek aditzera emandako bost ondorioetatik lehenengoa bete dela, eta gainontzeko lauek “bere horretan” jarraitzen dutela dio. Hala, horiek “ahalik eta azkarren bete” daitezen eskatu du alkateak.
Eragile politiko, sozial eta sindikalei, eta “bereziki Estatu espainol eta frantsesari” gatazka politikoa gainditzeko “ardura eta lidergo politikoarekin” erantzuteko aldarrikatu du.
Erreakzioak
PSE-EE: “Atzo, bake eguna izan zen, gaur aitortza eguna”
“Egun zoriontsua” dela aitortu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Garai berria zabaldu dela uste du, “politikaz hitz egin eta proiektuez hitz egiteko garaia” dela esan du, “norbanakoaren askatasuna mugatu gabe”. Gascok ez ditu urteotan hildako biktimak ahaztu. “Atzo, bake eguna izan zen, gaur aitortza eguna”, azaldu du.
PP: “ETA guztiz desegin arte, lasaitasuna ez da erabatekoa”
ETAk armak utzi dituelako “pozik” da Ramon Gomez PP udal taldeko bozeramailea. ETA guztiz desegin arte, baina, lasaitasuna ez dela erabatekoa izango zehaztu du. ETAk hil dituen 857 herritarrak izan ditu gogoan, bereziki, Donostian hildako 102 gizon-emakumeak. Talde armatuaren porrota erdiesteko, biktimen senitartekoek egindako lana goraipatu du Ramosek, halaber.
EAJ:”Orain ospatzekoa da baina izugarrizko lana dator”
Oso une “garrantzitsua” da, nabarmendu du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. “Orain ospatzekoa da baina izugarrizko lana dator”, dio. Bake eta adiskidetze bidean pausoak emateko unea dela gaineratu du Eneko Goiak.



