Sozialistek utzitako egoera ekonomikoa ona dela goraipatu du Gascok
Aldundiari itzuli beharreko dirua atzeratzeko mozioa aurkeztu dute PSE-EE taldekoek
PSE-EEko ordezkari Ernesto Gasco eta Susana Garcia Chueca Bilduko Jabi Vitoria Ogasun zinegotziarekin elkartu dira udal diru poltsa zein egoeratan dagoen ezagutzeko. Zinegotziak emandako datuen arabera, erakundearen egoera ekonomikoa ona da. Honenbestez, alderdi sozialistak, Udalaren gidaritzapean, aurreko urteetan egindako kudeaketa zuzena izan dela goraipatu du PSE-EEko bozeramaileak. Era horretan, hilabeteotan mamuak ikusi dituzten horiei sozialistek utzitako ondarea arduratsua izan dela nabarmendu die.
Oso zuzen ibili ez zirenak, behar bada, aurreko agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun saila gidatzen zuten EAJko kideak izan zirela iradoki du. Izan ere, diru bilketa txikiagoa izan denez, Udalak 12 milioi euro itzuli beharko dizkio diputazioari. Dirua bueltatu beharrak udal diru zorroan zulorik eragin ez dezan, ordainketa atzeratzea proposatzen duen mozioa aurkeztu du PSE-EEk. Susana Garcia Chueca zinegotziak azaldu duenez, 2007an, krisi ekonomikoa dela-eta, 27 milioi euro itzuli behar izan ziren. Udalak ez itotzeko, erakunde arteko hitzarmena adostu zuten urtebetean ordainketa atzeratzeko. 27 milioi euroak hiru urteko epean zatitzea erabaki zuten, halaber. Oraingoan ere, itzuli beharreko diruarekin antzeko neurria hartzea planteatu du PSE-EEk.
5,7 milioi euro aurreztu dituzte
PSEren jarrera baikorra egiaztatzeko, Jabi Vitoriak eman dizkien hainbat datu plazaratu ditu Ernesto Gascok. 2010. urteko aurrekontuaren zuriketa egin ostean, 7,6 milioi eurokoa izan zen superabita. Horretaz gain, orain arte alde bateko nahiz besteko gobernuek hartutako neurrien ondorioz, 5,7 milioi euro aurreztu direla jakinarazi du PSE-EEko bozeramaileak.
Zerga eta tasekin lotura ez duten diru sarreren aurreikuspenean ezkor egoteko arrazoirik ez dagoela zehaztu dute sozialistek. Hirigintza lanek nabarmen behera egin dutenez, diru sarrera horiek joera bera har zezkatela pentsa zitekeen. Aitzitik, aurreikuspenik beltzenek 7,6 milioi euroko akatsa egon daitekeela zehaztu dute. Denera, atal honetan 76 milioi eskuratzea aurreikusi dituzte.


