Loiolako Erribera ezagutuz
Hiriko auzo berriena denez, bizilagunek elkar ezagutzeko eta inguruaren berri izateko, auzo elkartea bisita gidatuak egiten ari da ekainetik. Azken saioan, Javier Sadak kale izenen historian barrena eraman ditu erriberatarrak.
Asteburuko eguraldi ona primerako laguntzailea izan zen Loiolako Erriberako kaleetan barrena bidaia egiteko; karriketako izenak baitziren protagonista. Gidaria ere ezin hobea: Javier Sada kronikaria. Oharrekin eta liburuarekin hornituta, bizilagun ezagunak zein ezezagunak aurkeztu zizkien auzotarrei. Giuseppe Verdi musikari handia izan zen lehena. Arrazoia erraza, hitzordua bere izena daraman plazan egitea erabaki zuela auzo elkarteak. Izan ere, Auzoa deskubrituz ekimenaren barruan egindako hirugarren bisita izan baitzen larunbatekoa.
2001eko abenduan onartu ziren gune honetako kale izenak. Hauetako askoren jatorria argitu zien Amara Zaharreko adituak bertaratutako 30 bat lagunei; bertako bizilagunak zein beste auzo batzuetatik etorritakoak ere. Aurretik, ordea, kale izendegiari buruz aritu zen. Sadak gustuko gaia du, eta hiriei buruz asko diotela uste du: «Aldaketa politikoen garaian hiriak izandako jarrera erakusten dute, baita hiriaren kultura ere. Ez da gauza bera Nobel Saridunen izenekin beterik egotea ala, horien ordez, Belen Estebanek kalea izatea». Gogoratu zuenez, kaleek hasieran logika jarraitzen zuten. Bertan zer zegoen adierazten zuten: Arrandegi kalea, Asto kalea, Ikatz kalea… Egun, ordea, izenak erabakitzerakoan beste irizpide batzuk daude: biografia edo Gipuzkoarekin nahiz euskararekin duten lotura.
Paseoaren abiapuntu izan zen konpositore italiarrak ez zuen inguru hauekin loturarik. Victor Hugok, aldiz, bai. Pasai Donibanen emandako hilabeteetan Donostia ezagutzeko aukera izan zuela diote bere idatziek. Garai hartako euriteek, ordea, nahastu zuten. San Bartolometik ikusi zuena deskribatzean, hiria uhartea zela idatzita utzi baitzuen. Bitxikeriaren berri izan ondoren, frankismoaren ondoko lehen alkate donostiarra aintzatesten duen Jesus Maria Alkainen plazara abiatu ziren. 1979rik 1983ra hiria gobernatu zuen Alkainekin batera, euskararen inguruko ikerketak egin zituzten Wilhelm eta Alexander Humbolt anaiak nahiz Pablo Sarasate biolinista nafarra agertu ziren Sadaren hitzetan.
Beroiztarren lurrak
Bidearen erdian, filosofoen geldialdia egin zuten Maria Zambrano plazan. Bertan, andaluziarraren biografiaz gain, Juan Zaraguetan oriotarrarena entzun baitzuten. Jarraian, azken geltokia izan zen Paloma Miranda plaza. Inkisizioa aztertu zuen donostiarrarekin batera, besteak beste, Tolosako alkate Pablo Gorosabel edota Nemesio Etxaniz apaiz azpeitiarra nortzuk izan ziren entzun zuten auzotarrek. Hala ere, bereziena, Loiolako Erriberen lurrekin lotura estua zuen Beroiz anaien historia izan zen. Juan Perez Beroizek, bertan zegoen Errotaberria izeneko errotaren berri eman zuen 1615eko agiri batean. Beste Beroiz batek, aldiz, gune hori lehortu zuen XVII. mendean, lurra landu ahal izateko. Haien harira, bertan mahastiak landatu zirela gogoratu zuen kronikariak. «Hemen lan egiten zutenei zor die izena Amara Berriko Podavines kaleak, mahastiak mozten aritzen baitzirenen omenezkoa baita. Horrenbeste ardo egiten zuten, portura iristen ziren itsasgizonak Amarako ardoa edatera behartzen zituztela».
Umorez eta bitxikeriz betetako ibilaldia izan zen. Halere, errietarako tartea ere izan zuen, nahiz eta txantxetan. Izan ere, auzo berriaren bizilagunek kaleak egoki izendatzeko zituzten arazoak ikusita «lehenik zuei azterketa egin behar dizuete!» kexatu baitzen Sada.
Auzoa eratzeko bidea
Cicerone paregabeari eskerrak emanda, auzo elkartearen lokala ikustera joan ziren bizilagunak. Hau hornitu eta atontzeko laguntza eskatu zien auzo batzordeak, eta diru pixka bat egiteko iradokizunen bat ere jaso zuten. «Liburuxka egin daiteke bisitaldian entzundakoarekin; sosa batzuk lortuko ditugu eta seme-alabek horren berri izango dute», proposatu zuen emakume batek. Hori da Auzoa deskubrituz egitasmoaren helburuetako bat, auzoa bera ezagutzea; baina ez da bakarra. Bisitaldien bidez, bizilagunek elkar ezagutu eta azpiegituren nahiz auzoko txokoen inguruko iritzia eman dezaten nahi du auzo elkarteak.
Ekainaren 25ean abian jarri zuten Jesus Mari Zabaleta apaizaren laguntzarekin Iesu eliza ikusiz. Irailaren 25ean, berriz, Iñigo Segurolarekin Oroimenaren Lorategian barrena egin zuten. Azken saioa, azaroaren 5ean egingo dute . Orduan, Haritzaldeko Markos Sierrarekin Egia parkean ibiliko dira. Ingurua hobeto ezagututa, batzarra egingo dute, denen artean auzoa nola hobe daitekeen hausnartzeko. Izan ere, Sadak larunbatean esan bezala, «ez baduzu bizi zaren tokia ezagutzen, ez duzu berarekin bat egiten, ez dizu min egiten. Ezagutzeak bat egitea dakar, auzoa eratzea».