"Ikusleek faltan eman dituzte bertan girotutako filmak"
Beldurrezko Astearen atarian Mikel Rodriguez historialariak fikziozko lehen liburua kaleratu du
Lamiak, gizotsoak, sorginak, basajaunak… «Ahozko literaturan gure arbasoak neguko gau luzeetan ikaratu zituzten hainbat pertsonaia eta kondaira ditugu», azaldu du Mikel Rodriguez historialariak (Oiartzun, 1967). «Halere, euskal literaturan ez da inoiz euskal paisaietan girotutako libururik idatzi». Eta erronka horri eutsi dio hain zuzen Rodriguezek ‘Sacamantecas y otros relatos vascos de terror’ (Txertoa, 2011) argitalpenean.
Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen zalea da Rodriguez. Bihar hasiko da 22. ekitaldiaren programazioa Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian. Aurten, lehen aldiz eta lan kontuengatik -historia irakaslea da Lekarozen- ezin izan du Antzoki Zaharrerako abonamendua lortzeko ilara egin, eta sarrera solteekin konformatu beharko dela azaldu du. Jaialdian generoan mugarri izan diren lanak ikusi ahal izan dituela adierazi du: «Gehienak Transilvanian, AEBetan eta atzerrian girotutako istorioak dira. Baina askotan pentsatu izan dut hobe izango zela horietako batzuk Gipuzkoan kokatu izan balituzte. Ikusleek faltan eman dituzte bertan girotutako filmak. Beldurrezko eta fantasiazko istorioak gure herrietan kokatu nahi nituen».
Banpiroak Donostian
Zortzi istorio bildu ditu liburuan. Euskal historiaren hainbat pasarte generoaren hainbat pertsonaiekin nahastu ditu: Arabako gantz-ateratzailea edo Sacamantecas, Baztango akelarreak, Otxate herri madarikatua, gizotsoak Bergaran, sorginen ehiza Bidasoa aldean…
Halere, idazleak argi utzi du fikziozko istorioak direla. Horien artean bada Donostia eszenatoki nagusi duen kontakizuna. Banpiroen inguruko istorioa idatzi du Rodriguezek: «XIX. mendean Bulgariatik etorritako zenbait merkataritza ontzidik Donostia Pasaiarekin nahastu egin zuten, eta Urumeatik sartzeko saiakera egitean, hondoratu egin ziren». Rodriguezen ustez, gertakizun horiek badute Drakula eleberriarekin antza handia: «Bram Stoker-ek kontatutako istorioa ere horrela hasten da. Ingalaterrara Bulgariako ontzidi bat iristen da, eta harekin batera, banpiro beldurgarri bat».
1898. urtera egin du bidaia historialariak: «Komaroski merkataritza ontzidi bulgariarra hondoratu egin da. Banpiro bat iritsi da hirira, eta herritarrak ikaraturik daude. Agintariek, gainera, generoko obretan ohikoa den bezala, ezkutuan gorde nahi dituzte hilketak».
Sabino Arana, Urgullen
Winfield Scott Lovecraft idazle eta okultistaren aitak ekingo dio banpiroaren ehizari. Beste pertsonaia baten laguntza ere izango du: Sabino Aranarena. Eta zer egiten du Aranak istorio honetan? «Garai hartan hain justu Sabino Arana Donostiara iritsi zen. EAJen batzokia inauguratzera etorri zen. Hark Madrileko arduradun politikoak ‘odol xurgaitzaileak’ zirela esan ohi zuen, eta Lovecraftek Aranak banpiroetan sinesten duela pentsatzen du nire istorioan. Urgullen ariko dira banpiroaren bila». ‘El ultimo tren’ izeneko istorioan, berriz, 1936ko gerrara egiten du bidaia. Frankistek debekatutako liburuen bilaketari buruzko kontakizuna da: «Garai hartan penintsulan inoiz izandako ekaitza elektrikorik indartsuena sufritu zuten herritarrek». Liburuan Peñaflorida kondea, Fausto Elhuyar zientzialaria eta Felix Maria Samaniegi alegilaria ere agertzen dira kontalari gisa.
Txikitatik izan du Rodriguezek beldurrezko literatura irakurtzeko zaletasuna. Hain zuzen Bram Stoker-en Drakula izan zen nerabezaroan gehien gustatu zitzaiona. Rodriguezen lehen fikziozko lehen liburua da ‘Sacamantecas’. ‘Maquis’, ‘La guerrilla vasca’ eta ‘Espias vascos’ liburuak argitaratu ditu.