Txirrindulari gazteak behar dituzte
Donosti Berri elkartearekin bizikletan aritzea geroz eta gutxiagoren aukera izaten ari da; arazo horri aurre egiteko, gazte eta gurasoentzako hitzaldiak ematen ari dira hainbat aditu.
Azken urteetan, gazte mailetako txirrindularien falta sumatu dute Donosti Berri Txirrindulari Eskolako arduradunek. Arazo hori gainditu nahian, ekimen bereziak egitea erabaki dute, eta horien artean, hitzaldiak ematen ari dira. Kadete eta jubenil mailetan dabiltzan klubeko gazteei eta euren gurasoei zuzendutako hitzaldiak dira. Hala ere, kirola hobeto ezagutzeko interesa duen klubetik kanpoko edonork parte har dezake. Astelehenean hasi ziren hitzaldiekin eta hurrengo astelehenean izango da azkena. Iñigo Larrañaga Donosti Berriko arduradunetako batek Irutxuloko Hitzari azaldutakoaren arabera, ordea, jende gehiago animatuz gero, hitzaldi gehiago antolatzeko prest egongo lirateke. «Taldekidetasuna eta hezkuntza bultzatu nahi ditugu bereziki, gazteek ikus dezatela txirrindularitza ez dela jendeak uste duen bezalakoa; atzetik gauza asko daudela», dio Larrañagak.
Txirrindularitza hainbat arlotatik lantzeko, dagoeneko hainbat hitzaldi eman dituzte elkartearen Amara Zaharreko egoitzan. Hizlariak honakoak izan dira: Andoni Blazquez Orbeako txirrindularia eta Sergio de Lis Euskalteleko txirrindulari ohia; Eneko Sancho Orbea eta Euskalteleko fisioterapeuta; Grosgreen Center dendako mekanikoetako bat; Sasoituz elkarteko dietalari bat; eta afizionatuetan dabilen Unai Intziarte Groseko txirrindularia.
Ekimen horietara gurasoak ere gonbidatzeak badu bere arrazoia, txirrindularitzari dioten beldurra galtzea nahi baitute. «Gurasoek maiz beldurra diote txirrindularitzari, oso gogorra dela uste dutelako. Bizikleta gainean ibiltzeaz gain, beste gauza batzuk egiten ditugula erakutsi nahi dugu; paisaiak ikusi, sufritzen ikasi…». Horretaz gain, Larrañagak behin eta berriro aipatu du gazteek ez dutela zertan arazorik izan behar txirrindularitza eta ikasketak uztartzeko. «Ikasketak eta kirola bateratzen laguntzen diegu, argi baitugu garrantzitsuena ikasketak direla». Inguruko ezagunei ere hitzaldietan parte hartu dezaketela esaten diete, afizionatu guztientzako ateak zabalik baitituzte. «Inguruko ezagunei esaten diegu hitzaldietara etor daitezkeela, etorkizunean txirrindularitzan hasi nahi badute, ongi etorriko zaielako». Momentuz, ez zaie klubetik kanpoko kiderik azaldu hitzaldietara, baina klubeko txirrindulari eta gurasoek nahiko ongi erantzun dute, Larrañagaren iritziz. «Aurtengo denboraldi hasieratik gauzak ongi egiten hasi gara, eta ea pixkanaka gazte gehiago aurrera ateratzea lortzen dugun».
Beherakada izugarria
Azken batean, urtez urte beheko mailetan nabaritutako txirrindulari faltak sortu du Donosti Berriren ekimena. «Iaz, esaterako, lau txirrindulari genituen jubeniletan, eta hori oso gutxi da. Aurten zazpira igotzea lortu dugu, eta horrekin talde dezentea dugu». Hala ere, garai batean 15 txirrindulari izatera iritsi zirela gogorarazi du. «Pixkanaka jaisten joan dira gazteak, baina ea kontu honi itzulia emateko gai garen». Beherakadaren arrazoi nagusiak ere argi dauzka: «Donostiarrak ez daude bizikletan ibiltzera ohituak. Ikastoletan ere haurrek futbolean aritzea dute errazena. Bestetik, komunikabideetan entzuten diren gezur askok txirrindularitza kaltetzen dute».
Gazteentzako halako zerbait antolatzen duten lehen aldia da, eta dagoeneko beharrezkotzat jo dute. «Gazteek taldean izena eman eta beraien kontura besterik gabe bizikletan ibiltzeak ez zuela funtzionatzen ikusi dugu. Ez gindoazen inora, babesa beharrezkoa baitute». Hala, gazteei babesa ematearen garrantziaz konturatu direla dio Larrañagak. «Babesa behar dute, batzuentzako adin txarra izaten baita; beraiekin denbora gehiago ematea erabaki dugu, hobeto irakasteko».
Hitzaldietan parte hartu nahi duenak 943-445 952 telefonora dei dezake, edo andermarkina@hotmail.com posta elelktronikora idatz dezake.