Plastilinazko izaki beldurgarriak
Artista finlandiarraren ‘Plastilina odoltsua eta urratua’ erakusketa dago ikusgai Okendon
Iaz Film Laburren Lehiaketako epaimahaikide gisa etorri zen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera. Aurten erakusketa bat, ‘Plastilina odoltsua eta urratua’ eta film labur bat, ‘Save the Rhinoceros’ ekarri ditu. Heavy metal musika eta beldurrezko filmak maite ditu. Animazioa egitea gorroto duela aitortu du, baina gauzak bere erara eta nahi duen moduan egiteko bide bakarra dela uste du: “Finlandiarrok oso lotsatiak gara, oso isilak; horregatik edaten dugu alkohola. Ez gara batere onak jendearekin hitz egin eta harremanak sortzeko. Plastilinarekin lan egiten badut errazagoa da nik nahi dudan moduan lan egitea”.
Hamar urteko ibilbidea egin du zinemagintzan, film laburren sortzaile gisa. Donostiara, Okendo kultur etxera, plastilinazko irudiak eta hainbat argazki ekarri ditu: “Artelan beldurgarriak dira, baina maitasun dosi handiak ere baditu erakusketak. Bada maitasuna eta beldurraren dikotomia pieza guztietan”. Azaroaren 10a arte izango da zabalik.