Mende laurden gazteen sareak ehuntzen
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 25 urte beteko ditu azaroan hamaika ekimenez osatutako egitarauarekin. Lehen saioak hirigintza izango du oinarri, eta ostiralean egingo dute CRAJen.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 25 urte beteko ditu hilabete honetan. Gazte-elkarte plataforma 1986an sortu zen, gazteen eskubideak defendatzeko, elkartegintza bultzatzeko eta gizartearen eraldaketaren alde gazteen parte hartzea sustatzeko. Ospakizuna bikoitza da Donostian. Izan ere, Andia kaleko ordezkaritzak ateak ireki zituenetik 20 urte ere betetzen baitira aurten. Hilabetearen hitz jokoa eginez, GAZTeazAROA egitasmoan batu dituzte Donostian, Gasteizen eta Bilbon gauzatuko dituzten ekimenak. Hauetan, hainbat alorretan gazteen zeregina zein den edo izan daitekeen landuko dute. Egitarauaren berri ostiralean eman zuten Andia kaleko egoitzan egindako prentsaurrekoan. Hala ere, bihar Gasteizen aurkeztuko dute. Ekitaldi irekian Oreka TX talde donostiarrak parte hartuko du.
Hausnarketarako lau ekimen
Donostian lehen saioa ostiralean egingo dute Amarako CRAJen, eta hirigintza izango du oinarri. Planoetatik kalera. Lurralde antolamendua birplanteatzen izenburupean Pasaiako kanpo portuaren eraikuntza, AHTren ibilbidea, errepideak… arautzen dituen Lurralde Antolamenduaren Artezpidea (LAA) izango du eztabaidagai. EGKko zuzendari Batiste Ezeizak hala arrazoitu zuen jardunaldi hauen beharra: “Birdefinizio prozesua abian da, eta beste behin apenas egon da parte hartzerako lekurik. Esparru honetan parte hartzea funtsezkoa da, lurraldea antolatzen dugunean, gizartea ere antolatzen dugulako”.
Saioak hiru zati izango ditu. Lehenik, Joseba Koldobika Arbaiza geografoak Lurralde Antolamendua Euskal Herrian, gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak hitzaldia emango du, 17:00etan. Jarraian, alor anitzetako gizarte mugimendutako kideekin solasaldia egingo dute. Hauekin lurralde eredu berri baten aukerak aztertuko dituzte elikadura subiranotasuna, garraioa nahiz azpiegiturak ereduak landuz.
Zazpi egun geroago, hilaren 11n, kurturartekotasunaren txanda izango da. Orduan, Zurriola hondartzan haima jarriko dute alor honetan diharduten hainbat taldek. Beraien proiektuak eta bizipenak ezagutzeaz gain, bertaratzen direnek, hitzaldi, bideo forum nahiz ipuinez gozatzeko aukera izango dute, 10:00etatik 19:00etara bitartean. Gainera, talde bazkaria ere egingo dute, norberak berea eramanda.
Hurrengo ekimenak hilaren azken asteburuan egingo dituzte. Batetik, aisialdi taldeek eta eskolek egiten duten lana ezagutarazi eta balioesteko Belaunaldia II. Itzulera argazki lehiaketa antolatu dute. Bertan parte hartu duten irudiekin osatu duten erakusketa ikusgai izango da Urgulleko Guardetxean; eta irekiera festa hilaren 25ean izango da, 19:00etan. Egun bat geroago, ospakizunei amaiera emango diote Kortxoenean. Itziarren Semeak, Vitesse, Nazidos para joder eta Karrocerias Betoño taldeak zuzenean ariko dira, 18:00etan hasita.
Gazteen topagunea
Dena ez da jaia izango ordea. Batisteren hitzetan “jardunaldi eta festa egitarau mamitsu honen ondoren, EGKk gogor lan egiten jarraitu beharko du itomen ekonomikoari aurre egiteko”. Elkarte sareak gazteen elkartegintza sustatzen eta babesten beste urte asko betetzea espero du. Izan ere, Batisteren ustez, “gazte elkarteen bilgunea, gizarte aldaketaren alde lan egiten duten gazteak artikulatzen dituen topagunea beharrezkoa da”.
EGK 20 elkarte, federazio, alderdien gazteria eta aisialdi talderen ekimenez eratu zen. Egun, ordea, Euskadi osoan gazteen eskubideen alde lan egiten duten 57 elkarte barneratzen ditu plataformak, eta beste hamaika talde nahiz gizarte mugimendurekin harreman estua du. Gazteen parte hartzea babesteko eta bultzatzeko, besteak beste, gogoeta eta eztabaida eremuak bultzatu, ikerketa nahiz txostenak egin; eta sareak sustatzen ditu.