Gazte suminduek piztutako aldarria indarberritu nahi dute
Gazteen suminak maiatzaren 15ean egin zuen eztanda. Harrezkero gazte eta egungo gizarte moldearekin gustura ez daudenen aldarrikapenek gorpuzten jarraitu dute. Orain arte egin den lanaren berri emateko, demokrazia eta partaidetza ardatz izango dituzten jardunaldiak antolatu dituzte ostegunetik azaroaren 15a bitartean.
Larunbat honetan izango da egun handia, goizeko 10:30etatik hasita, Donostiako M15 plataformak egin duen bidea eta segituko duen norabidea ezagutzeko hainbat jarduera egingo dituzte. Bulebarrean elkarturik, goizean, Hordur Torfason ekintzaileak, Jon Agirre arkitekto-urbanistak eta Jesus Bengoetxea gizarte hezitzaileak demokrazia eta partaidetza adibideak izango dituzte hizpide.
Bazkalostean, Demokrazia eraiki izeneko dinamika gauzatuko dute. Mahai joko berezi baten bitartez, helduen artean demokraziaren kontzientzia barneratzen ahaleginduko dira. Arratsaldean, 18:30ean, Agustin Garcia dramagilearen eta Isabel Escudero irakaslearen txanda izango da. Antzerki batekin bukatuko dute egun osoko jaia.
Aurretik, ostegunean, Merce Cortina irakasleari irekiko dizkiote San Telmo museoko ekitaldi aretoko ateak, parte hartzearen inguruan gogoeta egiteko. Azaroaren 8an, berriz, Marinaleda (Sevilla) eta Rivas-Vaciamadrid (Madril) udalerrietako kudeaketa ereduek dituzten bereizitasunak jorratuko dituzte.
Azkenik, azaroaren 15ean, Igor Ahedo, Errekaldeko Bizilagunen Elkarteko partaidea, Kukutza gaztetxearen auzian murgilduko da.