Bilera turismoak oparoaldia bizi du, %22 egin baitu gora biltzar kopuruak

Bilera, biltzar eta konbentzioei dagokien turismoa bolada onean dela azpimarratu dute Donostia Turismoko ordezkariek. Nahiz eta oraindik iraila bitarteko datuak besterik ez izan, aurten 82 bilera egin dira, iaz, iraila arte, 67 egin ziren bitartean. Bilera kopurua, hortaz, %22 hazi da. Batzar horietara hurbildutako partaideen kopuruak ere nabarmen egin du gora iazkoarekin alderatuz. Aurten, 23.394 lagun zenbatu dituzte, eta, iaz, 17.043 izan ziren.
Kuantitatibo ez ezik, kualitatiboki ere nabarmentzekoa dela azaldu du Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak. Irailean, esaterako, biltzar antolatzaile garrantzitsuenen begirada Donostia aldera bideratu zuen Partikula Azeleragailuen Nazioarteko bigarren biltzarra izan zen. 1.200 zientzialari hurbildu ziren.
Halako bilerek hiriari izen ona ematen diotela eta beste batzar batzuk erakartzen laguntzen dutela adierazi dute. Era horretan, hurrengo urteetan hilabeteotako boladari eustea espero dute, datorren urterako, jada, zortzi biltzar lotu dituztelako. 2013rako, bost, eta 2014 eta 2015erako bana.
