Iron Maideneko kide ohia, gurean
Paul Di’ Anno Mogambo aretoan izango da gaur, 20:30ean; ‘The Beast Is Back’ tourraren baitan, heavy metal taldearen abesti mitikoak joko ditu, hamar euroren truke.
Paul Di’ Anno, Iron Maiden taldeko abeslari ohia, Moganbo aretoan izango da gaur. Kontzertua Everdream talde espainiarraren emanaldiarekin hasiko da, 20:30ean. Jarraian, Di’ Anno eta bere taldekideek duela 30 urteko heavy metalera jauzi egitera gonbidatuko dituzte ikus-entzuleak. Iron Maiden eta Killers disketako abestiak joko dituzte; guztia, hamar euroren truke.
Di’ Annok 2010ean ekin zion The beast is back tourrari eta, haren baitan, mundu osoko txokoak bisitatu ditu. Brasilen izan ostean, penintsulara hurbildu da eta, ondoren, Frantzian joko du. Era berean, urtea amaitu artean emanaldi zerrenda luzea iragarri du; Norvegia, Alemania eta Italian izango da, besteak beste. Horrez gain, datorren urterako ere, dagoeneko 44 kontzertu lotu ditu.
Talde historikoa
Iron Maiden historiako heavy metal talde garrantzitsuenetakoa da. Ingalaterran sortu zen, eta garai hartan jaiotako Britainiar heavy metal olatu berria mugimenduko talde esanguratsuena izan zen. Beren ibilbidean zehar, 100 milioi diska baino gehiago saldu ditu, nahiz eta ez den izan hedabideek bereziki babestutako taldea.
Di’ Anno taldeko ahotsa izan zen 1978 eta 1981 urteen artean. Taldeko hirugarren abeslaria izan zen, eta Dennis Wilcock ordezkatu zuen. Wilcock alde egin ostean, Di’ Anno audizio baterako deitu zuten, eta hau gogoz aurkeztu zen bertara, Iron Maidenek –beste izen batzuekin bada ere– lan interesgarriak egin baitzituen ordurako.
Di’ Annok berebiziko ospea lortu zuen gerora, taldearen aurpegi gisa, eta paper garrantzitsua jokatu zuen taldearen gorakadan. Egia esan, ez zen heavy metaleko ohiko abeslaria: ez zuen oihu egiten nota altuenetara iristeko; bere estiloa eztarrikoa zen, ahots ona zuen eta energia ikaragarria. Bere jarrera errebelde eta ezkonformistak publikoa bereganatu zuen, eta horrez gain, konposizio handiak egin zituen.
Honenbestez, 1980an, Iron Maiden izeneko diska kaleratu zuten. Kritika bikainak izan eta zaleak zoratu zituen. Klasiko handi asko bertan bildu zituzten, adibidez; Phantom Of the Opera, Transylvania, Running Free, Remember Tomorrow, etabar.
Hurrengo urtean, 1981ean, Killers diska argitaratu zuten. Lehen diskak izan zuen eztanda lortu ez arren, soinuaren kalitateari dagokionez, asko hobetu zuten. Di’ Annoren ahotsa gakoa izan zen; pasio eta emozioz josita zegoen. Esaterako, Purgatory, Wrathchild edo Killers kantuak diska honetakoak dira.
Gauzak horrela, urte hartako otsailean, beren lehen mundu birari ekin zioten. Europan Kiss talde ospetsuarekin batera jotzen aritu ziren, eta harrera ezin hobea izan zuten. AEBtan, berriz, beste talde ospetsu batzuekin aritu ziren, hala nola, Scorpions edo Judas Priest-ekin.
Jarraian, Japoniako bere lehen bira iritsi zen eta honekin batera, Maiden Japan zuzeneko diskaren grabaketa; honi esker, beren lehen Urrezko Diska eskuratu zuten.
Zoritxarrez, urte haietan Di’ Annoren beherakada heldu zen. Abeslariari handi geratu zitzaion hura guztia; batez ere, bere alkohol eta droga arazoengatik. Kontzertuak emateko zailtasunak zituen, eta psikologikoki eta fisikoki gaizki zegoen. Ondorioz, handik denbora batera taldea uztera gonbidatu zuten. The Number of the Beast diskoa grabatu aurretik alde egin zuen. Asko ziren bere lekua nahi zutenak, baina, azkenik, Bruce Dickinsonek ordezkatuko zuen. Ondoren, Iron Maiden bere arrakastaren puntu gorenera iritsi zen.
Bide berria
Bat-bateko kanporatze horren ostean, Di’ Anno osatzen saiatu zen. 1983an eszenatokietara itzuli zen Lonewolf izeneko talde batekin, baina izenarekin arazoak izan zituztenez, azkenik, Di’ Anno bataiatu zuen. Ordutik hona, beste egitasmo eta talde askotan parte hartu du. Drogen aurkako borroka bere bizitzako erronka handienetakoa ere izan da.
Paul Di’ Anno
- Izena. Paul Andrews.
- Ezizena. Piztia.
- Jaioterria. Ingalaterra.
- Jaiotze-data. 1958/05/ 17.
- Musika taldeak. Iron Maiden, Gogmagog, Battlezone, Di’ Anno, Killers…
- Sarean. www.pauldianno.com

