Euskararen Eguna ospatzeko hamaika ekimen prestatu dituzte
Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, ‘Euskararen ginkana sarean’ proba jolasa abian jarri dute.
Hilabete barru, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Kondairak dioenez, San Frantzisko Xabierkoak 1552an hil aurreko azken hitzak ama hizkuntzan, euskaraz, egin omen zituen. Hori dela-eta, haren heriotza eta santu eguna Euskararen Nazioarteko Eguna izendatu zuen 1949an Eusko Ikaskuntzak. Urte batzuk geroago, 1995ean, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak ofizialtasuna eman zioten ospakizunari. Egun horren harira, Udalak eta hiriko hainbat eragilek ‘Guk ere euskaraz’ programa antolatu dute. Haren berri eman du gaur Nerea Txapartegi kultur zinegotziak, Ekoguneko Mikel Insaustirekin eta Udalaren Euskararen Patronatuko Alex Aisarekin batera.
Urriaren 29tik abenduaren 4a bitartean, 50 ekimen baino gehiago izango dira. Antzerki, musika, zinema… emanaldien bidez, herritarrak euskarara erakartzen saiatuko dira. Izan ere, Txapartegik gogoratu duenez, Donostia Euskararen Hiria bilakatzeko, abenduaren 3an ez ezik, urteko gainontzeko egunetan ere euskara erabiltzeko “ahalegin pertsonala eta kolektiboa” ezinbestekoa da. Bide horretan, administrazioak eta hautetsiek eredu izan behar dutela uste du Txapartegik: “Donostiarren aurrean hitz eman genuen euskarari lehentasuna emango geniola, eta horretantxe ari gara euskara aberasten eta egunero udal jardunean erabiltzen”.
Herritarrek ere pausoa ematea ezinbestekoa denez, euskara egunero naturaltasunez erabiltzera gonbidatu nahi dituzte euskaldunak; eta euskara ez dakitenak ezagutzera eta ikastera animatu. Txapartegiren laburbildu duenez, “ondo dago hizkuntza zaharrari goratzarre egiteko egun bat izendatzea, baina urteko egun guztiek izan behar dute Euskararen Eguna, iraganeko hizkuntzak oraina eta etorkizuna ere izan dezan”.
Iaz bezala, auzoek garrantzia berezia izango dute; hilaren azken asteburuaren inguruan auzoetako Euskararen Eguna ospatuko baitute Intxaurrondon, Amara Berrin, Parte Zaharrean, Antiguan, Grosen, Martutenen eta Bidebietan. Altzan egun batzuk geroago, abenduaren 1ean eta 2an, eta Loiolan, abenduaren 3an bertan. Egonkortu den beste egitasmo bat ere ez da faltako: Mintzodromoa. Bulebarreko karpan beste behin euskaldun zahar eta berriak gonbidatuko dituzte elkarrekin euskaraz aritzera. Aurten, gainera, Gipuzkoako hainbat herritara zabalduko dute ekimena.
Euskararen irudi bilduma
Euskararen mila aurpegiak biltzen zituen mosaikoa egin zuen iaz Euskararen Udal Patronatuak. Aurten, berriz, euskararen irudi bilduma egingo dute. Alex Aisaren hitzetan, “euskarak historian, norberaren bizipenetan, hirian, gizartean eta munduan izan duen, eta duen presentzia” jaso nahi dute. Irudiak www.gukereeuskaraz.net web orriaren bidez igo daitezke, eta hauekin batera, azalpen labur bat –gehienez, 140 karaktere– ere gehitu behar da. Argazkiak bi multzotan sailkatuko dituzte: batetik, Donostiakoak; eta bestetik, hiritik kanpokoak, diasporakoak ere jaso nahi baitituzte. Jada ikusgai daudenen artean, Londreseko euskal etxeak egindako Korrika-ko bat ikus daiteke.
Itxuraldatu den egitasmo batetik, erabat berria den beste batera: Euskararen ginkana sarean. Iraunkortasunaren kultura sustatzea xede duen Kutxa Ekogunearekin elkarlanean antolatutako lehiaketa “euskaraz eta euskarari buruzkoa” dela azaldu du Mikel Insaustik. Partaideek, astero, sare sozialen bidez, gainditu beharreko proba eta galderen berri izango dute. Internet bidezkoez gain, kalean egin beharrekoak ere izango dira. Puntu gehien pilatzen dituzten 10 lagunek abenduaren 3ko finala jokatuko dute. Gaurtik abian den jolasean parte hartzeko www.euskararenginkana.net web orrian izena eman behar da. Parte hartzea banakakoa da, eta 1996a baino lehen jaiotakoa izatea ezinbestekoa da. Sariak zehazteke badaude ere, garaileak Gipuzkoan barrena bi laguntzentzako globo bidaia jasoko du.
KULTUR EGITARAUA
- Azaroak 3, osteguna. Ama-Bi taldearen Tripakiak ikuskizuna Le Bukowskin, 19:00etan.
- Azaroak 4, ostirala. Ama-Bi taldearen Tripakiak ikuskizuna; Via Foran, 19:00etan. Jabier Muguruzaren konztertua Lugaritz kultur etxean, 21:00etan.
- Azaroak 8, asteartea. Fantasiazko eta beldurrezko film laburren zikloa. Fnac, 19:00etan.
- Azaroak 9, asteazkena. 80 egunean filma Egia kultur etxean, 19:30ean. Pedro Alberdiren Elikadura burujabetza hitzaldia Ikasbiden, 20:00etan.
- Azaroak 10, osteguna. Ardo dastaketa ikastaroa, Loiola kultur etxean, 19:00etan. Euskal liburuaren gaua Viktoria Eugenia Klub aretoan, 20:00etan.
- Azaroak 11, ostirala. Juan Gorostidiren Lau kantari liburuaren aurkezpena Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Izarren argia filma Loiola kultur etxean, 19:00etan.
- Azaroak 17, osteguna. Larrosak, arantzak, Lorca ikuskizuna, Egia kultur etxean, 20:00etan. Jon Mirande ikuskizuna, Viktoria Eugenia Kluben, 21:00etan.
- Azaroak 18, ostirala. Altza soinu, altza doinu kontzertua San Martzial elizan, 20:30ean.
- Azaroak 19, larunbata. Katilukadak ikuskizuna Okendo kultur etxean, 18:00etan.
- Azaroak 20, igandea. Mikel Markez eta Erramun Marikorena zuzenean Viktoria Eugenia Antzokian, 19:00etan.
- Azaroak 21, astelehena. Azukre xehea gatz larria liburua hizpide Liburutegi Nagusian, 19:30ean.
- Azaroak 22, asteartea. Kklrd online komikiaren aurkezpena Fnac-en, 19:00etan. Anjel Lertxundiren Etxeko hautsa eleberria hizpide Liburutegi Nagusian, 19:30ean. Santa Zezilia eguneko kantaldia Amarako kaleetan, 20:00etan.
- Azaroak 23, asteazkena. Mintzodromoa Altzagainako Plaza Gorrian, 17:00etan.
- Azaroak 24, osteguna. Koldo Izagirreren Artseniko aztarnak euskaran hitzaldia Larrotxene kultur etxean, 19:30ean. Euskal kantagintza, zaharrak berri kantaldia Ikasbiden, 19:30ean.
- Azaroak 26, larunbata. Imanol Kantatuz Lugaritz kultur etxean, 20:00etan.
- Azaroak 27, igandea. Arra. Arraroa antzezlana Guardetxean, 19:00etan. Emabide antzezlana Lugaritz kultur etxean, 19:00etan.
- Azaroak 28, astelehena. Alberto Barandiaranen PostKronikak mintzagai Liburutegi Nagusian, 19:30ean. Euskaraz bizi nahi dut ekitaldia Dokan, 20:00etan.
- Azaroak 29, asteartea. Zaldiz mugarik gabe ikusgai Okendo kultur etxean, 19:30ean.
- Abenduak 1, osteguna. Jose Migel Barandiaran, gaur hitzaldi sorta Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Arra. Arraroa antzezlana Dokan, 19:00etan. Fermin Muguruzarekin solasaldia Ernest Lluch kultur etxean, 19:30ean.
- Abenduak 3, larunbata. Euskararen ibilbidea udaletxetik, 11:00etan eta 17:00etan. Kantu Jira Elkar aretotik, 12:00etan. Bertsolaria bere bakardadean Dokan, 20:00etan eta Ze esatek! zuzenean, 20:30ean.
- Abenduak 4, igandea. Xabier Leteren omenez Kursaalen, 20:00etan.

