"Emakumeak marrazteko eskatzen didan jendez inguratuta nago"
Arantza Sestayok (Amara Zaharra, 1964) lehen erakusketa egin du Donostian. Azken bi urteetan egindako lanak bildu ditu Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian. Hamabost urterekin Castellora joan zen bizitzera, eta hiru urte dira etxera itzuli zenetik. Erreprodukzioak ez ezik, haren jatorrizko lanak ere daude ikusgai. Beldurrezko Asteak urtero antolatu ohi dituen komiki jardunaldien protagonistetako bat da amaratarra.
Arkatzekin txuri beltzean; eta olioarekin, koloretan. Eskuz, teknika tradizionalenarekin sortzen ditu irudiak. Emakume gotikoak eta erromantikoak dira bere marrazkietako pertsonaia nagusiak. Haren ilustrazioen errealismoak harrapatuko ditu bisitariak.
Benetakoak dirudite zure marrazkietako emakumeek. Zein teknika erabiltzen duzu?
Arte errealista gustuko dut: Hugo Pratt, Milo Manara… Italiar berpizkundeko Rafaelloren aurreko margolariak ere bai. Pertsonaiaren psikologiak erakartzen nau. Pertsonaiak nik nahi dudana transmititzea nahi dut, eta horregatik behar dut pertsonaiak oso errealistak izatea, alegia, benetakoak. Bitxia da, benetako pertsonaiak direlako, baina egiazkoa ez den testuinguru batean irudikatzen ditut. Aingeru bat edo fikziozko pertsonaiak izan daitezke, baina gizakiak dirudite, benetakoak. Teknikari dagokionez perfekzioa bilatzen dut. Olioarekin lan egiten dut. Erronka moduko bat da. Zein punturaino irudikatu dezaket errealitatea? Errealismoa bilatzen dut, baina pintura da, eskuz egindako lanaren freskotasuna mantentzen baitute. Ez da hiperrealismoa.
Emakumeak dira protagonista zure marrazkietan, zergatik?
Bai hala da. Txikitatik marraztu ditut emakumeak. Emakume baten irudia oso samurra, eztia eta sentibera dela uste dut. Estetikari dagokionez ere asko gustatzen zait emakumearen irudia: ile luzea, azala… Baliabide horiek jokoa ematen didate marrazterakoan. Erromantizismoaren garaia, eta urte haietako estetika izugarri gustatzen zait. Eta emakumearen irudia ezinbestekoa da. Aldizkari erotiko batean ere argitaratu izan ditut marrazkiak, eta emakumeak egiteko eskatzen didate. Emakumeak marrazteko eskatzen didan jendeaz inguratuta nago! Gizonak ere marraztu ditut: Conan, gerlariak… Horiekin ere asko disfrutatzen dut.
Beldurrezko eta Fantasiazko zinema inspirazio iturri al da?
Tim Burtonen filmak eredu gisa ditut. ‘Anticristo’ filmak ere asko inspiratu ninduen; bitxia da, ez baita generoko film bat. Halere, inspirazioa edonon dago. Eleberrietan ere bai: Becquer eta Poeren liburuetan. Edozer gauzak piztu dezake sormena: baita eguraldiak ere; biluzik eta hostorik gabe geratu den zuhaitza, egun gris eta ilun bat… Irudiek ideia asko ematen dituzte, baina irakurtzeak ere bai. Eta jakina, zu zeu bizitzen ari zaren momentuak ere eragina dauka. Guztiak du eragina sorkuntza lanean.
Gregorio Muroren ‘Zeinek gehiago iraun?’ film laburreko animazioan ere parte hartu duzu.
Bai, ni berez ilustrazioaren munduan, animazioan hasi nintzen lanean. Orduan Castellon bizi nintzen. Erretratuak egiten nituen, eta animazio estudio batekin harremanetan jarri nintzen. Kolorea egiten nuen, pertsonaiak mugitzen diren eszenatokiak egiten nituen. ‘Delfy y sus amigos’, eta ‘Los Fruittis’ marrazki bizidunetan lan egin nuen, eta hemen estreinatu ez diren beste hainbat proiektutan. Eta lan bera egin dut Gregorio Muroren film laburrean. Bospasei urte eman nituen animazioan lanean, eta denbora luze eman dut horrelako proiekturik egin gabe.
Ilustrazioan nola hasi zinen lanean?
Nik ez dut ikasketarik egin. Etxean eta bakarrik marrazten ikasi dut. Txikitatik marraztu dut, pila bat gainera. Hori da, finean, finean eskolarik onena. Egia da nire ama oso marrazkilari ona zela; eta etxean hiru anai-arreba gara eta guztiok izan dugu ilustrazioa zaletasun. Urteak igaro ahala zaletasun hura serioago hartzen hasi nintzen. Ordu gehiago ematen nituen marrazten. Erretratuak egiten hasi nintzen. Ilobaren argazki bat hartu eta hura marrazten saiatu nintzen. Eta horrela jarraitu nuen. Orain internetekin gainera errazagoa da zure lana zabaltzea eta behar duzun jendearekin hitz egitea. Lehen arte salerosleen bidez lortzen zenituen kontaktuak. Ni arte salerosle katalan baten bidez hasi nintzen. Hura AEBetako editore batekin jarri zen harremanetan eta ‘SQP’ argitalpenean kolaboratzen hasi nintzen. Ilustrazioa, ordea, mundu zaila da, eta hainbat gauza egin behar izan ditut aldi berean. Olioarekin egindako margolan apaingarriak ere egiten nituen arte salerosle berarentzat.
Donostiako Supersweet rock taldeko kideak deabru eta aingeru gisa irudikatu dituzu disko berrian.
Bai, diskoaren azala egiteko eskatu zidaten. Guztiz eraldatu ditut. Haurdun agertzen dira, eta erdi deabru, erdi aingeru dira. Oso bitxia da. Taldekideak lagunak ditut. Gainera, elkarren zale gara: nik izugarri disfrutatzen dut haien musikarekin, eta haiek nire marrazkiekin. Rockak eta musikaren munduak asko erakartzen nau, eta aukera polita iruditu zitzaidan mundu horretan bidea irekitzeko. Nahikoa lan dut, baina plazer pertsonal gisa egin nuen.



