Zahartzearen Ikerketa Zentroak lursaila du Miramonen
Donostia ikerketa arloan abangoardian mantentzeko aurrerapausoa eman duela adierazi du Josu Ruiz Sustapen zinegotziak. Espainiako Gobernuko Berrikuntza ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko duten Zahartzearen Nazioarteko Ikerketa Zentroa Donostian eraikitzeko lursaila izango baitu Miramongo teknologia parkean. 14.106 metro koadro dituen lursaila da eta Oriabentako ur biltegi zaharra zegoen lekuan dago.
Munduan halako ikerketa guneak laupabost besterik ez daudela azaldu du Kepa Korta Plan Estrategikoaren bulegoko zuzendariak. Zahartzaroa Europak esku artean duen erronka dela eta adinekoen premiei erantzutea hurrengo urteetako eginkizun nagusienetakoa izango dela adierazi du. Esparru horretan Donostiak erreferente bihurtzeko aukera paregabea duela eta aukera horri ezin zaiola ihes egiten utzi gaineratu du. Zentro horren baitan, gainera, beste enpresa batzuk sor daitezkeela eta horrek guztiak eragin ekonomiko handia izango duela erantsi du.
Miramongo ikerketa zentroan 500 ikertzailek baino gehiagok lan egingo dutela aurreikusi dute. Lanean hasteko, ordea, 2015 urtea baino lehen ez dela izango kalkulatu du Plan Estrategikoaren bulegoko zuzendariak. Egun, oinarrizko proiektua egiten ari dira.
