Alex de la Iglesiari eskainitako atzera begirakoa hasiko da bihar
Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren filmografia osoa Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango da ikusgai. Euskadiko Filmategiak prestatu du atzera begirakoa. Donostian, gaur, eta 2012ko otsaileko 7a bitartean egingo dituzte proiekzioak, Antzoki Zaharrean, Donostia Kulturarekin elkarlanean.
80ko hamarkada amaieran Bilbon zuzendari artistiko gisa egindako lanekin abiatuko da atzera begirakoa. Guztira hamabi emanaldi izango dira Donostian: film luzeak, telebista saioak, tv movieak… Ziklo honetan bere azken filmaren aurre estreinaldia egingo dute Bilbon, azaroaren 30ean. ‘La chispa de la vida’ izena du De la Iglesiaren azken lanak. Bihar, 20:00etan, ‘Mama’ (Pablo Berger, 1989) eta ‘Amor Impasible’ (Iñaki Arteta, 1992) film laburrak eta ‘Todo por la pasta’ (Enrique Urbizu, 1991) izango dira ikusgai. Maria Barranco, Kiti Manver eta Antonio Resines ez ezik, Klara Badiola aktore donostiarra ere agertzen da azken film luze honetan. Proiekzioa Euskadiko Filmategiko Joxean Fernandez zuzendariak eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zine unitateko arduradunak aurkeztuko dute. Emanaldi baterako sarrerak 4 euro balio du; eta ziklo osorako abonamenduak, berriz, 30 euro.
‘Accion Mutante’ (1992), ‘El dia de la bestia’ (1995), ‘Perdita Durango’ (1997), ‘Muertos de risa’ (1999), ‘La Comunidad’ (2000), ‘800 balas’ (2002), ‘Crimen Perfecto’ (2004), ‘La habitacion del niño’ (2006), ‘Miradas asesinas’ (1992), ‘Los crimenes de Oxford’ (2008), ‘Pluton B.R.B. Nero’ (2008-2009) eta ‘Balada triste’ de trompeta proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean hurrengo emanaldietan.
Abenduan, argitalpena Atzera begirakoaz gain, Euskadiko Filmategiak Jesus Angulok eta Antonio Santamarinak idatzitako Alex de la Iglesia ‘La pasion de rodar’ liburua aurkeztuko du abenduan. Argitalpenaren egileek lau egunetan zehar zinemagilearekin izandako elkarrizketa luze bat izango du oinarri gisa liburuak.