Bigarren geltokia: Aquariuma
Irailean jaio zen Homeless Music Festival Jaialdia, Donostiako Ginmusica promotorak abian jarritako ekimen berria. Kontzertu berezien kluba, ezohiko lekuetan lelopean sortu zuten: «Musika jaialdi formatu berria da, izenak dioen bezala, etxerik gabekoa. Noizean behin ezohiko lekuetan agertuko da kalitatezko kontzertuak eskaintzeko», azaldu zuen Sergio Cruzado arduradunak. Noizean behin-bi hilabetean-, eta ustekabean iragartzen diren kontzertuak dira. Igeldoko jolas parkea izan zen lehen geltokia. Micah P. Hinson eta The War on Drugs musika taldeak aritu ziren lehen emanaldi hartan.
AEBetako bi musika talde Oraingoan Aquariuma bihurtuko dute eszenatoki. Sare sozialen bidez arrasto batzuk eman ondoren atzo Ginmusikak hurrengo emanaldiaren kokapenaren eta egitarauaren berri eman zuen online egindako prentsaurreko baten bidez. Igandean, azaroaren 13an iritsiko da Homeless Music Festival bigarren geltokira. Bi talde izango dira zuzenean: Callers eta Wye Oak. Callers hirukotearekin hasiko da musika festa 20:00etan. New Yorkeko taldea «hiriko talde hasiberrien azken labealditik atera da. Energia eta jarrera dute soberan», adierazi du Cruzadok.
Wye Oak, berriz, Indie folk rock bikotea da. Baltimoren [Maryland, AEB] elkartu ziren Andy Stack (bateria, ahotsak eta teklatua) eta Jenn Wasner (gitarra eta abeslaria). Monarch izenarekin hasi ziren musikan 2006an, eta ‘If Children’ diskoa kaleratu zuten. Hiru urte geroago ‘The Knot’ lana plazaratu zuten, eta igandean, Donostian, hirugarren diskoko kanta berriak aurkeztuko dituzte, ‘Civilian’ bildumakoak, hain zuzen. «Kantatu baino pintatu egiten dutela dirudi, espazioak sortu eta kolorezko ñabardurak egiteko gai baitira.
Emanaldirako sarrerak jada salgai daude Ginmusica.barrabarra.eu webgunean. Aquariumean 20:00etan hasiko da zuzeneko musika. Txartelak 12 euroren truke eskuratu ahal izango dira.