Zazpi egun zientifiko
Zientzia herritarrei gerturatzeko hamaika ekimen antolatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Ohiko karpaz gain, Eskola Politeknikoan bertako ikasleen proiektuekin osatutako erakusketa ere prestatu dute.
Ostegunean Zientziaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Horren harira, gizartearen eta zientzia nahiz teknologiaren artean zubia eraikitzeko asmoz, hainbat ekimen izango dira hirian. Gehin bat eskola umeen artean jakintza alor horiekiko zaletasuna sustatu nahi bada ere, jada, horren aldeko apustua egin duten ikasleak ere aintzat hartu dituzte aurten. Hala, EHUko Informatika Fakultatea eta Unibertsitate Eskola Politeknikoak bi jarduera berezi jarri dituzte abian gaur. Informatika fakultatean, hainbat adituk oihartzun handiko gaietan sakonduko dute, asteazkena arte: Belaunaldi berriko sareak, teknologia berriei lotutako osasun arlorko beharrak eta polikak edota robotikak hezkuntzan izan dezakeen erabilera aztertuko dute. Robotek zeresan handia dute, halaber, Eskola Politeknikoak prestatutako erakusketan. Izan ere, ikusgai dauden zortzi proiektuetatik hiru lego piezekin egindako makinatxoak baitira. Habilezia berezi bat du bakoitzak, eta hauetan deigarriena, gizaki askorentzan ezinezkoa den Rubik kuboa askatzeko gai dena. Hauetako baten egilea izateaz gain, Joseba Egia egiatarra da erakusketaren arduraduna. Eskolan irakasten diren sei karreretako lanen batekin osatu nahi izan du, baina denbora arazoengatik proiektu asko kanpoan gelditu behar izan dira. “Hemen gauden ikasleek gogoa daukagu proiektuak egiteko eta erakusteko”, argitu du Egiak. Horregatik, Eskola barruko Dinitek junior enpresak hitzarmena egin du Eureka museoarekin, beraien proiektuak bertan erakusteko datorren urtean. Oraingoz, Eskolaren harreran, informazio puntuan, ikusgai izango dira, asteazkena arte, 09:00etatik 19:00etara bitartean. Aipatu robotekin batera, arkitektura teknikoko ikasleek orain gutxi prestatu zuten Pribatutasunaren arkitekturak erakusketako hiru pieza deigarrienak ere badaude: Maison Planeix, Villa D’alba eta Fallingwater etxeen maketak, hain zuzen. Hala ere, lehen egunean ikasleen arreta gehien bereganatu duena, zalantzarik gabe, Kotodama motorra izan zen. Elektronika, mekanika eta elektrizitate karreretako hainbat ikaslek Motostudent lehiaketara prestatu zuten proeitua. Pieza gutxi batzuk emanda gainontzekoa egin behar izan zuten. Txapelketan laugarrenak izan baziren ere, bisitarien artean garaile izan dira. Ikusgarriena izateaz gain, Egiaren ustez, beste proiektu mota baten erakusgarri ere bada, “ikasle bakoitzak egindako proiektua beste handiago baten parte izanik, zerbait handiagoa egin daitekeela”.