Bertsolaritzaren sukarra igotzen hasi da
Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Jon Maia eta Aitor Sarriegi izango dira Donostia Bertsotan saioan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurreko fasea hastear da. Azaroaren 26an egingo dute lehen saioa. Eta gero eta gutxiago falta da bertsozale guztiak Illunben elkartzeko. Abenduaren 18an Donostian jokatuko baita finala. Bertsolaritzaren sukarra igotzen ari da, baina txapelketaz haratago ere bada beste bertso saio berezirik.
Ostiralean, Lugaritz kultur etxean Donostia Bertsotan ekimena egingo dute 22:30ean. Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako saioa da, eta bertso zirkuituan ezinbesteko saio bihurtu da jada.
Aurten Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Jon Maia eta Aitor Sarriegi bertsolariek parte hartuko dute saio honetan. Hain zuzen, Sarriegi Gpuntuaren finalaurrekoan izango da. Urriaren 29an jokatu zen Hondarribiko final-laurdenetako saioan beasaindarrak pilatu zituen-eta puntu gehien, eta ondorioz, finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen. Gai-jartzaile gisa Josu Goikoetxea ariko da.
Ohi bezala, ikusmin handia piztu du saioak; gonbidapenak agortu egin baitira. Ostiralean, Donostia Bertsotan, abenduaren 18an Illunbeko finala, eta urtarrilean, berriz, Bertso Eguna. Bertsolaritzaren sukarra eta tenperatura, beraz, gora eta gora dijoa.