Igarako Cemei enpresa gunean egingo dute azoka (Argazkia; Maitane Aldanondo)
Enplegu bila dabiltzan langabeek datorren asteazken eta ostegunean egingo den Enplegu Azokan izan dezakete lana topatzeko aukera. Denera, 25 enpresek parte hartuko dute eta 162 lanpostu eskainiko dituzte Igarako Cemei enpresa gunean egingo den jardunaldian.
Goi mailako prestakuntza nahiz oinarrizko ikasketentzat dituztenentzat, denetzat, egon daiteke enplegua aurkitzeko aukera. Izen eman nahi dutenek Sustapen Elkartearen web orrira –fomentosansebastian.org– jo behar dute, bertan egin beharko dutelako lan elkarrizketa lortzeko hitzordu eskaera.
Langabeen zerrenda osatzen duten 9.000tik gorako herritarren etorkizuna alda dezakeen aukera izan daiteke; profil profesional zabaleko lanpostuak eskainiko baitira: garbiketa langileak, merkatariak, informatikariak, osasun arloko langileak, ingeniariak… Gabonetara begira, gainera, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kideek eta hiriko merkataritza elkarteek bi aurkezpen egingo dituzte kontratazioak sustatzeko.
Batzuk hasi dira, jada, beren curriculumak web bitartez bidaltzen eta beste askok laguntza eske Goikoa jauregiko bulegoetara jo dute. Elkarrizketetarako dagoeneko izen eman dutenak 1.500 bat direla kalkulatu du Euken Sese Sustapen Elkarteko gerenteak.
Azkenaldian izen ematen dutenen kopuruan gorabehera handirik ez den bitartean, lanpostu eskaintzan makaldia nabaria da. Ekainean egin zen Enplegu Azokan, esaterako, 447 lanpostu eskaini zirela azaldu du Euken Sesek. Aurtengoak baino garai askoz ere oparoagoak gogoan ditu Sustapen Elkarteko gerenteak. Duela ez hainbeste eskaintza 1.500 bat lanpostuetakoa zela adierazi du; «Port Aventura parkeko arduradunak, besteak beste, 200 langile beharrean etortzen ziren», dio.
Eskaintzaren erdia
Orain arte antolatu diren Enplegu Azoketan, eskaintako lanpostuen erdiek egun horietan adosten zuten kontratazioa. Lanpostuen beste %25-30, berriz, hurrengo egunetan ixten zen.
Enplegu Azokan behin behineko lanpostuak nagusi badira ere, kontratu mugagabeak ere eskaintzen direla jakinarazi du Sustapen Elkarteko kideak. Eskaintzen diren kontratu mugagabeak %20 inguru izango direla gaineratu du.