Krisiaren "gezurrak" agerian
LAB sindikatuak kanpaina berria abian jarriko du ostiralean informazio banaketa eta mobilizazioak eginez. Larunbatean, berriz, eraikuntzako langabeak irtengo dira kalera.
Krisi ekonomikoaren eragina nabaritzen hasi zenetik hiru urte igaro dira, eta bere ondorioak begi bistakoak dira: hirian 9.000 langabetik gora dago, enpresa asko itxi dira, EEEak ugaritzen doaz… Testuinguru ekonomikoa baino, errudunak beste batzuk direla uste dutenak ere badira, ordea. LAB sindikatuak, esaterako, Gezurretan kanpaina abian jarriko du ostiralean. Politikariei eta banketxeei errua egozteaz gain, egoera hobetzeko asmoz hartutako neurriak langileen kalterako izan direla salatuko dute, informazio gune bat jarriz eta protestak eginez.
Izenak dioen moduan, agintariek esan dituzten gezurrak azaleratzea helburu du kanpainak. “Hiru urtez krisiaren kontrako neurriak ezartzen aritu dira, eta horrekin langileak estutu dituzte. Baina lortu duten bakarra eskubideak murriztea, langabezia haztea, eta lan baldintzak eskasago bilakatzea izan da”, azaldu du LABeko Donostialdeko arduradun Lurdes Erasok. Hartutako erabakiek, beste behin, langileek eta herritarren zati handi batek kaltea jasatea dakarte. “Finantza sistemari onura egiteko diseinatutako neurriak dira. Murrizketak dirua finantza sistemara bideratzeko erabili dira”. Izan ere, gastuak urritzeko, zerbitzu sozialak eta sektore publikoa murriztu baitute, egoera gero eta zailagoa denean herritarrentzat.
Gezurrez gain, errudunak ere izendatuko dituzte mobilizazioen bidez. Lehenik, 11:00etatik 13:30era bitartean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean protesta egingo dute “gobernuaren kulpa” azaleratzeko. Jarraian, “banketxeen errua” nabarmenduko dute Askatasunaren Hiribideko Banco Gipuzcoaren egoitza aurrean, 11:45etik 12:15era. Azkenik, Maria Cristina Hotelera joango dira “itxita badago ere, konponketa lana egiten ari den Amenabar enpresak krisia langileen baldintzak okertzeko erabili duela uste dugulako”, argitu zuen langileen ordezkariak.
Neurri berrien eskaera
Horrez gain, egoera hobetzeko alternatiba ere proposatuko dute: Euskal Herriaren subiranotasun politikoa eta ekonomikoa. Horretarako bost puntu zehaztu dituzte: lanaren banaketa, babes sozial eta pentsio sistema duina, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, euskal sektore publiko indartsu eta eraginkorra, eta langileen parte hartzea ziurtatuko duen eredu instituzionala. Guzti honen berri emateko, karpa jarriko dute Bulebarrean, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
Egun bat geroago, Gipuzkoako eraikuntzako langabeek hartuko dute gune hori; eta langabeziaren nahiz gizarte murrizketaren aurkako elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan. Idatzi batean salatu dutenez, “zenbakien atzean pertsonak, familiak, malkoak, kaleratzeak… daude, konpondu beharreko egoera dago”. Bereziki, lehen lanpostuaren bila dabiltzan gazteen, emakumeen eta 50 urtetik gorakoen zailtasunak nabarmendu dituzte. Halaber, eraikuntzako langileen “esklabutza baldintzak” gaitzetsi dituzte, eta irtenbide gisa, “enpresak zigortu eta obra publikoen eskaintzetan puntu negatiboak izatea” proposatu dute. Era berean, lanaldiak murriztuz lanpostuak sortu, zerbitzu publikoak hobetu eta ordu extrak nahiz enplegu anitz izatea debekatu behar dela uste dute. Alderdiei neurri horiek gauzatzeko konpromisoa har dezaten eskatuko diete etzi.