Azaroan izango da sekuoien lekualdatzea
Peñaflorida institutua eraisteko lanen ondorioz, orubeko zuhaitzak ez ezik, Pedro Manuel Collado kaleko batzuk ere mozten ari direla salatu du Haritzalde talde ekologistak.
Peñaflorida institutuaren eraisteak sorturiko zalantzetako bat argitzen ari da. Ikastetxearen orubean zeuden hiru sekuoiak hilaren 21ean hasiko den astean lekualdatuko dituzte. Botzatze lanek, hala ere, are gehiago asaldatu dute Haritzalde talde ekologistaren gogoa, besteak beste, iragarritako zuhaitzak baino gehiago mozten ari direlako.
Amara Berriko Peñaflorida institutua botatzeko jardueren zatirik ikusgarriena joan den ostiralean hasi zen. Eraikina hustu ondoren, garabiek eta hondeamakinek bere egitekoari heldu zioten. Burrunba eta zalapartaz gain, beste ondorio batzuk izan dituzte lanok. Hain zuzen ere, azkeneko hilabeteetan ikastetxearen inguruan zeuden zuhaitzen etorkizuna ezbaian izan da.
Peñafloridaren inguruan 48 bat zuhaitz zeuden; horietako gehienak ikastetxeko ikasleek landaturik. Orain arteko ikastetxea ordezkatuko duen eraikinaren proiektuak horiek guztiak orubetik kentzea barneratzen zuen. Udalak, ordea, lan hauen arduraduna den Jaurlaritzari arbolak lekualdatu eta horren kostua bere gain hartzeko eskatu zion.
Jaurlaritzak Udalaren eskaerari egindako muzinak Donostiako gobernuak 48 zuhaitz horietan baliorik handiena zuten hiru sekuoia lekualdatzeko konpromisoa eragin zuen. Kokapen berria ere jakitera eman zuten udal arduradunek: Errondo pasealekua eta Amara-Antigua errepidea elkartzen diren biribilgunea. Irutxuloko Hitzak jakin ahal izan duenez, birlandatzea Azaroaren 21ean hasiko den astean egingo dute.
Gainontzeko 45 zuhaitzak, berriz, egun hauetan moztu dituzte; enborrak atzo ikus zitezkeela lanak babesten dituen hesiaren atzealdean.
Elkarretaratzeak
Honen guztiaren harira, Haritzalde elkarte ekologistak salaketa oharra bidali die komunikabideei. Idatzian adierazitakoaren arabera, mozte lanak Peñafloridaren orubetik «Pedro Manuel Collado kalera zabaldu dira; beraz, Haritzaldek zenbaturiko 45ak baino gehiago izaten ari dira».
Era berean, talde ekologista kexu azaldu da Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ez dituelako erantzun beraiek ofizialki bidalitako gutunak; «nahiz eta legeak horretara behartzen duen, Isabel Zelaa ez da guri erantzutera makurtu».
Haritzaldek gogorarazi egin du egoera hau salatzeko ostiralero, 19:00etatik 19:15era, elkarretaratzeak egiten ari direla, eta natur ondasunaren aurkako jarduera salatzera deitu du.