Urumeako I. Skiff Jaitsiera antolatu du Ur-Kirolakek azaroaren 20rako
Arraun elkartekoek ezin dute Urumean entrenatu, baina aste honetan arazoa konpontzea espero dute
Ur-Kirolak Arraun Elkarteak gauza berriak egiteko gogoa du. Zuzendaritzaren azken ideia, Urumeako I. Skiff jaitsiera antolatzea izan da. Hau da, bakarkako aulki mugikor ontzietan, Martuteneko eta Maria Kristinako zubien arteko bidea egitea, bost kilometroko ibilbidea osatuz. Itsaso zakarra izanez gero, ordea, helmuga Burdinezko Zubiaren parean jarriko dute, kilometro bat beherako. Erlojupeko lehia izango da, eta azaroaren 20an jokatuko dute, 11:30ean. Jaitsiera Antxon Beitiaren omenez egingo dute. «Urkiko kidea zen Antxon eta skiffean oso ona zen. Klubean urteak eman zituen arraunean eta entrenatzaile bezala. Duela zazpi bat urte hil zen eta horregatik pentsatu dugu proba bere omenez egitea», azaldu dio Urkiko presidentea den Ricardo Unzuetak Irutxuloko Hitzari.
Partaidetzari dagokionean, oraindik ez dakite zenbat biltzera irits daitezkeen. Unzuetaren ustez, datorren astean jakingo dute partaidetzaren berri. «Klubetik 15 skiff aterako dira, baina ez dakigu oraindik gainontzeko klubetatik zenbat partaide etorriko diren», argitu du. Unzuetak dio ez dakitela ziur zein adinekoak hurbilduko diren bereziki. Edonola ere, partaidetza ia maila guztietako arraunlarientzat zabalik dago: Kadeteak, Jubenilak, Seniorrak eta Beteranoak.
Jaitsieraren data ez dutela zerbait bereziarengatik aukeratu azaldu du Unzuetak. «Egun horretan ez dago beste probarik; eta denboraldi aurrean egiten dira halako jaitsierak». Aurtengoa pasata, gainera, proba urtero antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Urkiko presidenteak.
Urumeari begira
Uholdeek ez dute zuzenean Urkiren Loiolako egoitzan eraginik izan. Hori bai, asteburuan ibaiak izandako indarraren ondorioz, klubaren arranpak kalteak jaso ditu. Momentuz, beraz, ezin dituzte ontziak uretaratu. Baina aldi berean, ezinezkoa da arraunlariak Urumean entrenatzea, ibaiaren egoera oso txarra baita egunotan. Enborrak, zikinkeria, zaborra… denetarik ikus daiteke ibaian barrena, baita zubietan pilatuta ere. Hala ere, aste honetan bertan egoera konpontzea espero dute.
Gertatutakoak gertatuta, «Gure asmoa jaitsiera egitea da», adierazi du Unzuetak. «Uretara atera aurretik, zakarrik ez dagoela ziurtatu beharko dugu, denetik ikusten baita», gehitu du. «Aste honetan berriro zaparradak egongo direla esan dute, baina 20rako ibaia ongi egotea espero dut». Unzuetak argi dauka azken uholdeen sorrera bereziki nondik datorren. «Loiolako topoaren bidea zabaltzean, ibaia itxi egin zuten, eta hortik dator arazo handiena», iritzi du Unzuetak. Kontuak kontu, azaroaren 20ko lehia egiteko asmoarekin jarraitzen dute. Gizonezko zein emakumezko txapeldunek arraun txiki bat jasoko dute sari moduan.