Arantzazuko Ama ikastolak galera handiak ditu eta lokatzez beteta jarraitzen du
Unitate mugikorra jarriko dute Txomin Enean eta bulego bat, Etxarrienen
Aldundiak dagozkion neurriak hartuko ditu kalteak arindu ahal izateko
Uholdeak eragindako kalteei erantzuteko zein urrats eman erabakitzeko, bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako ordezkariek. Aldundiak fitxa moduko batzuk banatu dizkiete udal ordezkariei, ahalik eta zehaztasunik handienarekin zer nolako kalteak jasan dituzten adieraz dezaten. Ondoren, dagozkion neurriak hartuko ditu aldundiak, horiek konpondu ahal izateko.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zein diru-laguntza emango dituzten erabakitzen dutenean, laguntza horiek nola osatu erabakiko du aldundiak.
Xabier Etxabe/Estitxu Zabala
Uholdeek utzitako kalteak nabariak dira oraindik ere Txomin Enean eta Martutenen. Etxebizitza, denda eta lokaletan garbiketa lanetan jo eta ke jarraitzen dute bertako bizilagunek. Kaleak garbitzen Udaleko langileren bat ere ikus zitekeen atzo Txominen. Hain justu, PSE-EEko bozeramaileak, Ernesto Gascok, eskutitza bidali dio Juan Karlos Izagirre alkateari, eremu horretan garbiketa zerbitzu eta langile kopurua indartzeko. Normaltasunera lehenbailehen heltzeko, beharrezkoak diren garbiketa zerbitzu eta tresnak (ur ponpak, edukiontziak…) auzotarren esku uzteko eskatu du; eta «beharrezkoa balitz, aparteko kontratazioak egiteko», erantsi du Gascok.
Udalak herritarrak laguntzeko unitate mugikorra prestatu du eta Txomin Enean egongo da gaur. Martutenen, berriz, bulego bat ipini dute Etxarrienen. Horretaz gain, Ongizate saila euren etxeetan bizitzeko baldintzarik ez duten herritarrentzat epe luzerako harrera zerbitzua eskaintzeko lanean ari da. Bizitzeko baldintza duinik ez dutenei, soilik, eskainiko diete aukera hori.
Supermerkatua
Martuteneko denda batzuk euren ateak zabaltzea lortu zuten atzorako, baina beste askoren egoera latzak bere horretan jarraitzen du. Auzoko supermerkatu nagusia, esaterako, hankaz gora dago. Jaki, izozkailu eta material guztia ezerezean geratu zaizkie. Urak harrapatu ez zituen goiko apaletako produktuak jasotzea erabaki dute, baina oraindik ez dakite nola egongo diren. «Edukiontziak janariz bete ditugu», zioen langileetako batek. Pixkanaka-pixkanaka dena txukuntzen ari dira langileak beraiek, baina Martuteneko auzokideen laguntza asko eskertu dute. «Auzotarrek sekulako elkartasuna eskaini dute. Asko nabaritzen da ez dela halako zerbait gertatzen den lehen aldia», aipatu zuten langileek.
Zalantzarik gabe, ordea, Arantzazuko Ama ikastola da auzoari geldiune handiena eman dioena. Ikastolaren bi eraikinak urez bete ziren, eta ondorioz, datorren astera arte ezingo dute eskolak ematen hasi. Hortaz, 2 eta 16 urte bitarteko 300 ikasle inguru, ikastolara joan ezinik daude. Irutxuloko Hitzak ikastolaren bi eraikinak bisitatu zituen. Egoitza handienak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak jasotzen ditu. Bertako jolastokia lokatzez betea dago, baita frontoia ere. Gimnasioak kalte larriak jaso ditu, bertako biltegiko materiala kaltetua dago, eta denbora tarte txikian lurra aldatu beharko dutela uste dute. Mediatekan ere kalte larriak jaso dituzte eta zortzi mila liburu inguru galdu dituztela dio DBHko zuzendaria den Amaia Jaiok.
Gainera, bulegoetako ordenagailuak eta dokumentu batzuk ere galdu dituzte. Horien artean, eskola txostenak daude, eta guztiak lurrean zabaldurik dituzte, berogailu handi batekin lehortzeko helburuarekin.
Gaur bertan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bilera izango dute ikastolako arduradunek. Ondoren, gurasoei hartutako erabakien berri emango diete. Datorren astean berriro normaltasunera itzultzeko asmoa badute ere, jantokiak, bai haurrena bai Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoena ere, itxita egongo dira. Izan ere, bertako tresneria guztia erabilgaitz geratu da.