(Argazkia: Xabier Etxabe)
Memoriaren Egunean udal talde guztietako ordezkariak elkartu dira Alderdi Ederreko Oroimena monen aurrean. Ekitaldiarekin bat egin dute, halaber, Odon Elorza alkate ohiak eta Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktimak. Udal zinegotziak monolitoaren aurrean zeuden bitartean, PSE-EEko, PPko eta EAJko zinegotziek lore eskaintza egin dute. Ondoren, bost minutuko ixilunea egin eta txaloz amaitu dute ekitaldia.
Bilduko Axier Jaka, Ricardo Burutaran eta Josu Ruiz zinegotziek, Kanpandegi aurrean, «poliziaren biolentziaren biktima» izandako Iñaki Quijera gazte antiguatarra gogoan duen plakaren aurrean agerraldia egin dute jarraian. Axier Jaka Bilduko zinegotziak irakurritako adierazpenaren arabera, Memoriaren Egunak «terrorismoaren biktima guztien oroitzapena, salbuespenik gabe, jorratuko zuela adierazi arren, ETAren bortizkeriaren biktimak gogoratu ditu bakarrik». Era horretan, Iñaki Quijera gogoan duen plakaren aurrean, «jarrera inklusiboa eta ez baztertzailea duten eta indarkeria guztien isla diren» ekimenen aldeko gogoa agertu dute.
Eneko Goia EAJko bozeramailea pozik zegoen Alderdi Ederreko omenaldia amaitu eta gero, biktimak «oroitu eta aitortzeko» ekitaldian udal talde guztiek hartu zutelako parte.
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak, era berean, «txikia bada ere», «urrats txiki bat» eman dela onartu du. Euskal gizartea askatasun eta demokraziaren defentsan «eskuzabala» izan dela, eta, orain, eskubide horien borrokan hil direnak gogora ekartzerakoan, eskuzabal izan beharra dagoela jakinarazi du.
PPko bozeramaileak, Ramon Gomezek, bestalde, biktimen ondoan «beti egon eta beti egongo» direla argi utzi du. Urtero bezala, biktimak omentzen dituen ekitaldian parte hartu duela PPk, eta biktimak gogoratu eta justizia aldarrikatzeko lanean jarraituko dutela esan du Gomezek.
PPk eta PSE-EEk alkateak ekitaldian ez parte hartzeak kritikatu dute.