Bustitako billeteentzat, lehorgailu bila
Eguzki printzek Urumea arroko bizilagunen etorkizuna argitu dute. Gaur zortzi, Txomin Enea eta Martuteneko etxe eta dendak aurrera ateratzeko itxaropena urpean zegoen; egun, berriz, galdutakoa berreskuratzeko gogoa indarberriturik dago.
Egunotan bizitutako beldur eta ezintasunak uxatzeko asmoz, Arantzazuko Ama Ikastolan ongi etorri festa egin dute. Urak sortutako atsekabea xamurtzeko festa «xumea» egin nahi zutela adierazi du Itsaso Alkorta zuzendariak, artisten eskuzabaltasunari esker, baina, festa dotorea antolatu dute. Porrotxek eta Marsel eta Txan magoek lortu zuten, besteak beste, irribarre eta algarek ikastolako paretak betetzea.
Umeek ikastolara joan izan ez duten egunotan, samina eta negarra nagusi izan bada ere, «elkarbizitza eta elkar laguntzarako ariketa ederra» izan dela azpimarratu du zuzendariak. Guraso, irakasle eta auzokideen laguntza txalotzekoa izan dela jakinarazi du. Erakundeen laguntza ere, «oso ona» izan dela erantsi du. Oraindik ere laguntza behar beharrezkoa izango dute, galera guztiak berreskuratzeko bide luzea baitute aurretik. Mediateka abian jartzea, gimnasioko zorua aldatzea edota psikomotrizitate gela berreskuratzea dira lehentasunak.
«Orain, jo eta ke lanean»
Hondamendiari aurre egiteko informazio eta aholkularitza eskaintzen ari diren udal langileek ere nabaritu dute bizilagunen arteko elkartasuna eta egoera latzari erantzuteko duten «barne indarra».
Zoriondu beharrekoa dela dio Etxarrienen bizilagunak artatzen diharduen langileetako batek. «Hasiera batean, ulertzekoa zen bere onetik aterata egotea, orain, berriz, jo eta ke ari dira lanean».
Zenbaitentzat, gainera, uholdeen ondorioak benetan larriak izan direla azaldu du, asegururik ez zuenik ere badagoelako. Tailer txikietan, esaterako, asegururik gabe zebiltzan autonomo batzuk badaudela eta horiek «zerotik hasi» beharko dutela ohartarazi du. Hala, aseguru poliza dutenek zein ez dutenek, guztiek, udal informazio bulegoetara ala 010 telefonora deitzeko eskatu du, kalteak zenbatu eta laguntza kopuruak finkatu ahal izateko. «Etxea, autoa ala lokala galdu eta, gainetik beste kezka bat: paperak bete behar izatea», gaineratu du.
Berripaperak ziren, hain justu, aurreko astelehenean ez Ojeda liburu dendanez Martuteneko beste inongo dendatan eskuratzerik ez zegoena. «Jendea, ordea, auzoa hankaz gora zela ikusita ere, egunkari ala aldizkaririk ba ote genuen galdezka etorri zen», esan du Montsek.
Astelehen hartan, izerdi patsetan aritu ostean, hurrengo egunean zabaldu ahal izan zuten. Lanenan gogor aritzeaz gain, zortea ere izan zutela adierazi du, pilatuta zuten salgaietako asko ez zituelako urak kaltetu. Dena den, denda margotu eta zorua aldatu beharko dute.
Ojeda liburu dendak ateak zabalik dituen bitartean, parean dagoen banketxeak itxita jarraitzen du. Langileetako bat bustitako 50 euroko billeteak sikatzeko, ile lehorgailu bila ari zen gaur goizean.
Martutene, Txomin Enean eta Gipuzkoako beste hainbat bazterretan oraindik normaltasunera itzultzeko lana erruz egin beharra dagoenez, euren txanda iritsi arte zain egon behar dute banketxekoek.
Gasolindegian, berriz, etzi erregaia eskaintzeko moduan egongo direla azaldu du Jesus Marik. Denda eta biltegia itxuroso egoteko denbora gehiago beharko duten arren, gasolina hornigailuak biharko prest egongo direla kalkulatu du.
Autoan matxura dutenek ere zabalik dute Neumaticos Larrañaga tailerra. Urak harrapatutako autoak konpontzea, aldiz, merezi ez duela azaldu du Teok, matxurak bata bestearen atzetik izaten baituzte.