Langabeziak okerrera, urrian ere
Joan den hilabetean 133 donostiar gehiagok izena eman dute Lanbideko erroldetan. Guztira, 9.734 dira.
Udako lan kontratuek ekarritako datu onak atzean utzita, langabeziak hirugarren hilabetez jarraian gora egin du Hego Euskal Herrian. Gipuzkoa izan da, beste behin, egoerari eutsi dion bakarra. Zerbitzuen eta eraikuntzaren alorrak izandako bilakaerari esker, nagusiki, irailarekin alderatuta, %0,04 behera egin du. Ez da asko, baina zerbait da. Irailean hasitako bide jarraitu du ere langabeziak Donostian, kopurua hazi egin baita urrian. Enplegu Zerbitzu Publikoak –INEM ohiak– ezagutarazi berri dituen datuen arabera, guztira 9.734 donostiar erroldaturik daude Lanbideren bulegoetan. Hau da, hiriko biztanleria aktiboaren –lan egiteko prest dauden 16 urtetik gorako lagunek osatua– %10,2 ez dute lanik aurkitzen.
Hilabete batetik bestera okerrera egin duen moduan, 2010eko urriarekin alderatuta, egoerak ez du hobera egin: %2,56 hazi da. Bere horretan begiratuta, alde hori ez da oso handia; baina urteetan atzera eginez gero, joera kezkagarriaren jarraipena dela ikus daiteke. Iaz, langabeak 9.484 baziren, 2009ko urrian, 8.837 zenbatu zituzten erroldetan. 897 lagunen gehitzea, ordea, ez da ezer 12 hilabete lehenago izandakoarekin. Euskal Estatistika Erakunde Eustaten arabera 2008ko urrian, 6.636 ziren lan bila zebiltzan hiritarrak. Krisi ekonomikoaren astindua argi uzten du ordutik hona 3.098 donostiarrek lana galdu eta langabezia ia %47 hazi izanak.
Lan kontuei dagokienean, apirila izan da urteko hilabete txarrena. Zaila dirudi 2011 amaitzeko gelditzen diren bi hilabeteetan orduko 10.418 langabeak berriro zenbatzea, baina ikusteko dago zenbatera iristen den.
Lehen sektoreak, hobera
Sektore ia guztietan handitu da langabezia azken asteetan. Behera egin duen bakarra, arrantza eta nekazaritza biltzen dituen lehen sektorea izan da, langabe bat gutxiago zenbatu baitute. Gehien hazi dena,aldiz, zerbitzuen alorra izan da, 71 lagun gehiagorekin. Jarraian, aktibitaterik gabeko alorrean –lan generikoak egiten dituzten prestakuntzarik gabeko pertsonek osatua– aritu nahi dutenak: Irailean zeuden 619ei 29 batu zaizkie. Azaro hasieran, beraz, sektore bakoitzeko zenbaketa ondoko zen: Zerbitzuetan, 7.185; industrian, 1.000; eraikuntzan, 804; aktibitaterik gabeko alorrean, 648; eta lehen sektorean, 98.
Sexuen araberako banaketari dagokionez, aurreko hilabeteetako joera mantendu da. Urrian ere lan eske erroldatu ziren pertsonen gehienak %52 emakumeak izan ziren. Kopuru orokorretan ere emakume gehiago daude beharrik gabe, 5.220; eta gizonekiko tartea handitu da. Adinari erreparatuta, berriz, 25 eta 45 urte artekoak gelditu dira gehien bat lanik gabe. Izan ere, erroldetan izena eman duten 133 lagunetatik 93 adin tarte horretakoak baitira. Gora egin du ere gazteenen kopuruak, 25 urtetik beherako 55 langabe berrirekin. Behera egin duen bakarra, beraz, 45 urtetik gorakoen taldea izan da, 15 lagunek lana aurkituta.
Auzoz auzo aztertuta ere aldaketa gutxi dago. Zerrenda beltzaren goikaldean auzo berdinek jarraitzen dute, eta hobera egin duen bakarra Parte Zaharra izan da, bertako zazpi auzotarrek lana aurkitu baitute. Iazko datuekin erkatuta kopuru aldaketa esanguratsuena Antigua-Añorga-Igeldokoa da, orduan baino 131 langabe gehiago baitaude auzoan.
LANGABETUAK AUZOZ AUZO
- Altza. 1.500 (1.505 2010eko urrian)
- Amara Berri. 1.142 (1.092)
- Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.140 (1.009)
- Intxaurrondo. 1.019 (1.035)
- Egia. 824 (802)
- Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 759 (715)
- Gros. 715 (705)
- Miramon-Aiete. 698 (630)
- Erdialdea-Amara Zaharra. 637 (607)
- Bidebieta. 508 (498)
- Ategorrieta-Ulia. 467 (494)
- Parte Zaharra. 276(291)